Non dago marra gorria?
Bilobak bost urte ditu eta etengabe galdetzen du zergatik eta zergatik; zergatik jaten ditu sugeak saguak? Zergatik egiten dute kosk eltxoek? Pertsona jakin-minak zirikatzen du, horixe dugu ikasteko akuilua. Baina gaur egun informazio-saturazio bete-betean bizi garen garai hauetan, bitxia da nola gure jakin-mina gutxitzen doan. Jakinduria biltzeak ez dauka inolako baliorik, antza. Sare sozialak, Chatgpt eta antzekoak ari dira hartzen bere lekua. Baina, zeinen ederra den benetan dakienari entzutea. Zeren nik Sokratesek zioen moduan, «dakidan gauza bakarra da ez dakidala ezer».
Eta horregatik edo, gustatzen zait entzutea. Asko gustatzen zait. Hitz egitea baino gehiago segur aski. Eta errespetatzen ditut nire pentsaerarekin bat ez datozen iritziak eta batzuetan ulertu ere bai. Hala irakatsi zidaten. Espiritu kritikoa lantzen laguntzen didate, egia absoluturik ez dagoela jabetzen. Baina azken boladan galdera bati bueltaka nabil; besteek esandako guztia al da errespetagarria?
Saiatzen naiz denetariko iritziak entzuten, nahiz eta batzuk entzuteak ahalegin berezi bat eskatzen didaten. Batez ere nire justiziarekiko sustraiak kolokan jartzen dituztenean. Eta galdera horri erantzun bat topatu nahian, behin honaino iritsita, bota egingo dut; bada ez, nire ustez ez dira errespetagarriak iritzi guztiak. Ez ditut errespetatuko emakumezkook nahita mintzen gaituztenen iritziak, ezta kanpotik datozen pertsonak jatorriaren arabera tratatzen dituztenenak, edo biziaren balioa larruazalaren kolorearen arabera neurtzen dutenenak, eta nola ez, norbait nahita akabatzea zilegi dela esaten dutenena. Giza eskubide oinarrizkoenak errespetatzen ez badituzte, nola ba?
Eta ojo, uste dut denok daukagula gure inkoherentzia, baina esango nuke marra gorriek eraikitzen dutela gure izatea, gure lekua munduan. Eta onartzen dut, gero eta azkarrago hasten zait barrua irakiten, gero eta lehenago lausotzen zaizkit begiak. Zahartzen garen heinean, gure balioei tinkoago eusten omen diegu eta horretara noa agian.
Dena den, jakitun naiz amonen eta aitonen iritziek gero eta gutxiago balio dutela. Igarrita nago ikusezin bihurtzen ari naizela. Munduak guganaino jakin-mina galtzen du nonbait, baina zirrikitu hau topatu dut eta zer nahi duzue esatea?
Asko daukat zuekin partekatzeko, eta are gehiago ikasteko. Akuilu bikaina dut horixe egun berri bakoitza ilusioz hozkatzeko. Baina bai, azaroaren 30ean nola esnatuko garen pentsatzeak, dezente beldurtzen nau. Hala ere zorionez… «Kontatuko didazu ipuin bat, amona?» entzuten dudan bakoitzean, itxaropena pizten zait.

