Euskal Wikipediak 25 urte
Zenbat gai eta auzi ez zaizkigun trabatzen egungo aktualitatean. Berri haietako asko Wikipedian pausatzen dira. Bada, Euskal Wikipediak (EUWP) 25 urte egin ditu orain ezagutza partekatu eta antolatua eskaintzen, lizentzia askean, eta denon eskuetan. Eta ez da gutxi. Ahalegin kolektibo bat, neurri handi batean boluntarioek egina. 2001eko abenduaren 6an, Euskararen Egunetik hain gertu, lehen edizioa egin zuen izen bitxiko Dr Polillo wikilariak (2026aren hasieran, hainbat wikilarik aurrez aurre ezagutzeko parada izan genuen Gasteizen).
Wikilari gisa, Wikipediaz kanpoko esperientziaz mintzatu izan naiz beste artikulu batzuetan. Dena den, Wikipediako edizioa barne esperientzia bat da, barne borroka, kanpokoa bezainbeste. «Ez naiz neutrala, ez naiz inoiz izan, baina objektibotasunaren bila aritu naiz», Iñaki Iurrebaso soziologoak Larrun aldizkarian adierazi zituen hitzok (2023). Kantatzen denean, hitzek libre egiten dute hegaz. Wikipedian, berriz, protokolo bat duzu, eta neutraltasuna duzu irizpide. Helburu bihurria, zinez. Horretarako lengoaia, berriz, denotatiboa, erreferentziala, datua errege. Poesian ez bezala, indibidualtasuna desagertu egiten da, eta iturriek hitz egiten dute haren ordez. Hotza da, barne borroka, sakrifizioa.
Wikipediak debeku du norbere ikerketa egitea («jatorrizko ikerketa») eta, ondorioz, kanpo erreferentziak behar ditu idazten dena egiaztatzeko. 2007an Wikipedian hasi nintzenean (IP helbide batez, une horretan), krisi pertsonala bizi nuen. Ekimen interesgarria ikusi nuen Wikipedian. Gogora datozkit Monzonen hitzak Agirreri, 1953an Eusko Jaurlaritza utzi zuenean: «Akzidentalari lotuta zabiltza, eta nazionala ahazten».
Printzak printza, ordukoa ez zen EUWP oso duin bat. Irakurle potentzialek erdal wikipedietara jotzen zuten, fidagarriak zirelakoan. ENWPko esperientziatik, erabaki nuen erreferentzia sistema ekartzea, egiaztagarritasuna paragrafoka gehitzea, esaldika ez bada. EUWPk zama handia zuen bere itxura atomizatua, hala formaz nola edukiz. Testuek ezinbestekoa zuten artikulazioa, kohesioa eta koherentzia, ikuspegi estrukturala. EUWPn, espainerazko itzulpenak ziren asko, eta kaskarrak; erreferentzia bibliografikoak, baldin bazeuden, erdaldunak, ia denak Euskal Herriaz kanpokoak maiz. Basamortu bat euskal gai askotan, hala ingelesez nola euskaraz. Asmoz, buelta emateari ekin nion.
Kinka hori halakoa zen bereziki gure herriaren historiaz ari garela. Ekaineko Euskal Herria, ezagutza, historiografia UEUren jardunaldian, historia guretik egiteko premia nabarmendu genuen. Hizkuntzak berak ere historia baldintzatzen du, basko nahi dugu, ala euskaldun? Horixe jardunaldi hartako ondorioetako bat. Agerian gelditu zen narrazioak eta inbisibilizazioak gurutzatzen dutela Euskal Herriaren historia, eta ezin dugula baloratu historiografia ez bada ikerkuntza-dibulgazioa continuum-ean (Einsteinen baimenaz, espazio-denboraren simila ekarriz).
Joan den astean, Dekolonialismoa Euskal Herrian jardunaldi ederra egin zen Donostian, EHUk eta Nabarraldek antolatua. Hainbat puntutan berretsi zen jada ekainean entzun eta ikusi genituenak, aztergaia bera zabalagoa izanik ere. Joxe Azurmendi pentsalari handiaren gogoa zebilen aretoan, haren aztarna EUWPn dagoen bezala. EUWP, akademikoek eta ez akademikoek egina, euskal ezagutza irekia baita, baita etengabe dabilen (euskal) pentsamendua ere. Zorionak, Euskal Wikipedia, 25 urteengatik!

