CAF enpresako Irungo eta Beasaingo LABeko ordezkariek iritzi gutuna bidali dute HITZAra, enpresa egitekoa den akziodunen batzarraren harira. Aitor Martinez Barayazarra eta Gaizka Etxaide Etxaburu dira sindikatuaren izenean idatzia egin dutenak. Jarraian hitzez hitz haiek esandakoa:
“Aurten berriro CAFeko akziodunen batzarra bilduko da, eta beste behin langileen ordezkaritzak ezingo du bilera horretan parte hartu. Enpresaren akzioen %24 inguru langileok parte garen ‘Cartera Social’ antolakundeak kudeatzen dituen arren, edozein erabakigunetatik kanpo jarraitzen dugu.
CAFek industria-politika espantsionista indartzen jarraitzen du, non, ohiko edozein multinazionaletan bezala, kostu baxuak eta etekin gosea nagusitzen diren beste edozeren gainetik.
Hala, zuzendaritzak ez du zalantzarik: Indian inolako kontrolik gabeko ingeniaritza-filialak ireki, Mexikoko lantegia low cost ekoizle gisa erabiltzen jarraitu edo erosketetako lanak Poloniako lantegietara desbideratu. Hori bai, guztia oso bertako irudi baten pean eta errotze diskurtso batekin jantzita. Deslokalizazioa bai, baina txapelarekin eta Euskolabel etiketarekin.
Langileen ordezkaritzaren eskariei muzin eginez eta edozein enpresa etikaren aurka, Jerusalem ekialdeko tranbia eraikitzeko erabaki okerra ere hor dago. Hau zuzendaritza honek gidatutako eskrupulurik gabeko multinazional izateko bidean kontestualizatu behar da.
Bestalde, eta Poloniako eta Frantziako sindikatuek bultzatuta, CAF taldean Europako Enpresa Batzordea sortzeko prozesuari ekin zaio. Une honetan organo horri forma emateko sindikatuen eta enpresaren arteko negoziazio fasearen hasieran gaude.
Euskal Herrian 4.700 langile inguru gaude zuzenean lanean CAF taldearentzat. Estatu espainiarrean 2.300 inguru dira, eta Polonian, berriz, 2.500. Suedian CAFentzat lan egiten duten pertsonak 950 inguru dira, eta Frantzian 870 inguru. Horrela, CAFek 12.000 langile baino gehiago ditu Europako 18 estatutan banatuta.
Zentzu honetan euskal sindikatu guztiok eta sindikatu estatal gehienek lortutako akordioa goraipatu nahi dugu. Akordio horrek Euskal Herria bere ordezkaritza propioa hautatzeko zilegi den subjektu moduan aitortzen du. Aurrerapauso handia zalantzarik gabe; orain gauzatu dadin garatzea dagokigu.
Hala eta guztiz ere, interes estatal eta korporatiboei erantzunez, CCOO sindikatua akordiotik at kokatu da eta aktiboki lanean ari da batzorde berrian euskal langileoi dagokigun ordezkaritza kentzeko. CAFen euskal lantegietan ia ordezkaritzarik ez duen sindikatua izanik, Espainia bat da eta bakarra ideia inposatu nahi du, eta, horrela, euskal ordezkaritza desegin eta minimoetan utzi Europako enpresa-batzordean.
Euskal Herriko langileen interesak ez dira inoiz defendatu eta ez dira defendatuko Madrilgo sindikatuen bitartez. Ez dugu nahi ez dagokigun ordezkaritzarik, baina ez dugu onartuko euskal langileriatik urrutiegi eta estatuko patronaletatik gertuegi dauden estatuko sindikatuek ez dagokien ordezkaritza bereganatzea.
Bukatzeko, berriro diogu: CAFen norabidea aldatzeko garaia da. Enpresa multinazionalen jarrera oldarkorrenetatik aldentzeko garaia; errotze industriala bermatzeko garaia; Euskal Herrian enplegua sortu eta aberastasuna banatzeko garaia; eskubide oinarrizkoenen aurkako proiektuak ez onartu (Jerusalemgo tranbia, esaterako) eta eredu korporatibo etiko bat sortzeko garaia. Finean, pertsonak erdigunean jartzeko garaia.
Bide horretan aurrera egin ahal izateko, langileok konpainiaren erabakiguneetan parte hartzeko aukera izan behar dugu. Eta aurrera egiteko, euskal langileok ahots propioa izan behar dugu etorkizuneko Europako Enpresa Batzordean”.
Aitor Martinez Barayazarra eta Gaizka Etxaide Etxaburu. LABen ordezkariak Beasaingo CAFeko eta Irungo CAFeko enpresa batzordeetan.