Izebari Harro Herri
Ttantta izan nintzen ama izan aitzin. Opari ederra egin zidaten ahizpak eta koinatuak. Gainera hori bera esan nien, ni Ttantta izanen nintzela eta ez izeba. Hendaiaren lapurtartasuna aldarrikatzeko gosez eta aitortzen dut, baita berezitasuna eransteko irrikaz ere. Harro. Ilobak, jada bazituelako izebak. Berezia, gurean izeba den gisan.
Familia bere horretan etortzen den gisan, ez baita aukeratzen, egokituriko tituluak funtzioetan edo ekintzetan gauzatu daitezke, ala ez. Ez dago egiteko zehatzik. Idealizaturikoak edota betebehar gisa identifikaturikoak, kulturalak dira. Erietxeko une goxoak oparitu zizkidan ahizpak. Ia hamabi eta bederatzi urte pasa diren arren, atzo balira bezala oroitu eta sentitzen ditudanak. «Izango al naiz merezi duten gisakoa? Maiteko al naute guk izeba maite dugun gisan?»; zenbat aldiz pausatu ote diot galdera bera nire buruari.
Etxe askotan, gurean ere, izeba XX eta osaba XX esan ohi da, izena atzetik duela. Bat baino gehiago daudenetan zehaztua gelditu dadin, nahasterik sortu gabe. Gurean izeba, izeba hutsa esaten denean, ez dago gaizki ulertzerik. Badakigu nortaz mintzo garen. Harro. Behar gorrietan hor egotetik harago, askoz gehiago eman diguna da. Titulua ederki irabazia du. Are gehiago, badakigulako ez duela betebeharrez egin, plazerez baizik. Izebak momentuak oparitu dizkigu, denbora eman digu, musu-truk. Harro. Baita osabak ere. Osaba ere halaxe dugulako, izen ttikirik gabe.
Harro izeba. 23. Korrikak Euskal Herria zeharkatu eta hilabete gutxira hartuko duzu erretreta (ofiziala). Oreretako Xenpelar AEKn eman dituzu azken urteak, aurrez beste zenbait euskaltegi zapaldu dituzu, ordea. 23 Korrika ezagutu dituzu, harro. Gurekikoak ez, baina herria eta hizkuntzarekikoak maitasunez egin arren, konpromiso eta militantzia handiz egin dituzu. Identitateaz, euskaldun izateaz Harro.
Harro Herri. Eginen dugu Korrika, izeba. Aurtengoan Azterketak Euskaraz kolektiboaren alde. Eta zuk segituko duzu Korrika egiten Harro, Herrian, Altzan. Erretreta hartu arren, ikusten zaitut etxeko sukaldean hamarnaka pintxo prestatzen zerbaiten alde, txartelak saltzen, edota Mintzalagunan parte hartzen, ez baitut sinisten etengo zarenik.
Lurdes Zapirain Elizalde da gure izeba. Etxean, amonak kontatzen zigun, bere amak honela esaten ziola: «Ama, ez da esaten bi ezpainak elkartu gabe». Egia da. Izeba ere ezin da esan bi ezpainak elkartu gabe. Ttantta bai, tia edo izeko ere bai. Izeba ez. Agian tronpatu egin nintzen, garaiz nago oraindik titulua izenez aldatzeko, kar kar kar…
Harro Herri, egin irri izeba, merezi duzu eta!