Basque eta kito
Interneteko matxura bat tarteko, frantses telefono konpainia bateko saltokira joan naiz berriki. Donibane Lohizuneko merkatal zentro batera hain zuzen. Autoa aparkatu, barrura sartu eta itxaron. Sarri gertatzen zaidan gisa, goizegi heldu nintzen. Puntuala naiz, batzuetan puntualegia, eta horrek azkenean denbora galerak eragiten dizkit, pentsatzen dut ez naizela bakarra, ezta?
10:30ak. Atea zabaltzen ari dira. Sartu naiz barrua. Bi mutil eta neska bat ditut parean. Stagiaire eta Responsable jartzen du haien uniformeetan. Neska da arduraduna. Matxura bat dago, «en niveau national» esan didatenez. Ezin dut egitera etorri naizena egin. Ezinezkoa, errepikatzen didate behin eta berriz. «Pazientzia, pazientzia, pazientzia», esaten diot nire buruari. Orain aste batzuk etxera igorri zidaten 4G gakoa itzuli besterik ez dut egin nahi, baina matxura horren izenean ezin dut, ez didate uzten, ezin omen dute deus egin informatizatua izan gabe. Kito, konpondu da arazoa. Aurrera egin dezakegu.
Ikastaroan dagoen mutiletariko bat, nire izena ahoskatzen saiatzen hasi da. Paketean dagoena irakurri besterik ez du egin behar. Hasi eta eten, hasi eta eten. Neuk esaten dut azkenean, eta ordurako, ez dakit nola eta zergatik hiru langileekin solasean hasi naiz nire izenaz, nire abizenaz. Eta hendaiarra naizela esan diet, Donibanen jaioa, Hendaian bizi. Nortasun agiri frantsesa dudala, eta ez, ez naizela basque-espagnol errepikatu diet behin eta berriz. Harrituta daude. Neska, orain dela bi urte etorria da Parisetik Euskal Herrira bere gurasoek erretreta garaia hurbil dutela eta, etxea erosi zutela, eta berak ere etorri nahi zuela. Bizitza berri bat hemen eraikitzeko asmoz. Mutil bat bertakoa da, eta bestea, berriz, landestarra da. Orduerdi bat du bere etxetik lantokira. Formakuntza bukatu eta bertan kontratu bat eginen diete, berez.
Euskal Herrira etorri eta bizitza berri bat eraikitzeko modu asko daude. Pribilegioekin ala ez, sistemak horrela izaten jarraitzen duen bitartean horrela izanen da. Hemen eta baita han ere. Edonon.
Itzuli dut itzuli beharrekoa, informatizatu dute, orria eman didate. Banoa, aski pozik. Nire izen eta abizenen harira sortu den solasaldi xelebrearen harira, hiru pertsona gehiago daudelako egun basque garela ulertu dutenak. Ez basque-espagnol, ez basque-français. Basque eta kito. Euskaldunak, alegia. ■