Plazara
Une berean jaso ditut bi mezuak. Hondamendia batetik eta haurrentzat sorturiko ikuskizun berri bat bestetik. Lehena han gertatua (zorionez baina batek daki, agian bihar hemen ere gertatzen ahal zaigu) eta bigarrena hemen gertatuko da.
Valentziara eraman nau lehen mezuak. Eskualdean sorturiko elkartasun puntuen berri ematen zuen, nola lagundu zehaztuz. Xehetasun guztiekin. Plaza ugari ditugu laguntza eskaintzeko. Eguna duzun guztiarekin hasi eta deus gabe amaitzeak zer izan behar ote duen hasi naiz gogoetatzen. Pentsaketan jarraitzen dut oraindik ere, uste baitut, ordea, gertatu arte ez dakigula zinez horrek zer esan nahi duen. Kontu materiala alde batera utzita, are egoera gogorragoa da gainera. Lehen egunean bezala jarraitzen dugu oraindik denok, elkartasun keinu eta ekintzekin. «Ez gaitzazue ahantzi», oihukatzen digute hangoek kamera bat aurrean duten unean. Berdin du telebista kamera izatea, edota sakelako batena.
Pontx pailazoarena zen bigarren mezua, berak zuzenean igorria —bai harremana dut berarekin. Oso ttiki zela ikusi nuen lehen aldiz oholtza gainean, eta orain handitu da. Ez bakarrik adinez, baita artistikoki ere—. Azaroaren 16an estreinatuko du Saran bere bigarren lana, Denak plazara. Ezin aproposagoak iruditu zaizkit bi hitzak. Maite ditut plazak, eta maite dut denak joatea plazara. Eta maite dut Sarako mutil gazte bat, haurrekin batera nazio eraikuntzan inplikatzea. Bai, azarotik aurrera, Euskal Herriko txoko askotan ikusteko aukera izanen dugu.
Begirada han eta hemen daukat une hauetan, gutariko askok bezala. Asimilatzen saiatzen ari naiz, barneratzen, gorputzean sentitzen, une batetik dena alda daitekeela. Onerako zein txarrerako. Gehienetan txarrerako.
Keinu ttiki bat egin nahi zan diot Joanes Etxebest Pontx pailazoari, leiho hau dudala baliatuz. Euskal Herritik, Lezo, Irun edota Oiartzundik, hurbilago bizi baitugu Valentzia edota Salamanca, Sara edo Larzabale baino.
«Ez gaitzazue ahantzi», entzuten segituko dugu aste luzez. Eta agian, guk, herritarrok, ez ditugu ahantziko, beste batzuek ordea… Ez dute plaza sekula plaza zapalduko. Niretzat, ordea, horiek ez dira nire denak kontzeptuaren barruan sartzen.