Gure eskubideen defentsan, ez isildu!
Desokupa enpresak agertu dira Irunen azken asteetan. Beti han nonbait gertatzen zela uste genuena, hemen, gurean, etxean ere gertatu da. Bai, badakit ez dela lehena Euskal Herrian. Baina hain gertu behintzat bai nire kasuan. Eta ez da polita. Ez da atsegina. Are gehiago. Beldurgarria da. Desokupa CyL eta Horus Desokupa dira enpresak. Zorionez badira aurre egitera ausartzen direnak, eta burutzera etorri diren egitekoa egin gabe joan behar izan dute. Alde egitera gonbidatuak izan dira, eta joan egin dira. Itzuliko ote dira? Nork jotzen du horiengana? Nork deitzen ditu? Nolakoa da hori egitera animatzen den pertsona? Zer printzipio ditu?
Asimilatzen ari gaituen sistemak izu gehiago eragiten dit, gizon buru ttipi rapatu eta muskulatuek baino. Hauek tresnak dira, txotxongiloak. Horrela jokatuz norbait direla uste dutenak. Izatez kaka hutsa soilik diren arren. Baina hori egitera bultzatzen dituena sistema da. Deitzaile asimilatuak bizilagunak dira. Portala konpartitzen dugu haiekin. Kalea, denda, parkea, aisia, lana… Zertan bilakatzen ari garen gogoetatzen hasi beharko genuke. Gu eta gutarrak ongi dauden bitartean, bost axola digute besteek. Hala dirudi. Diru gosez biziraun. Horretan ari garela dirudi.
Ez, denak ez gara horrelakoak. Noski eta beharrik. Uste dut, ordea, beste aldean gaudenok, alde onean nire iritziz, eta beste alderik ez dagoela uste dugunok, isildu eta kikildu egiten garela. Arrazoia ukan arren, iruditzen zait horiei aurre egiten ahantzi dugula. Sistemako zapalduak izatera ohitu gara. Egiten dugun oro, kriminalizatu egiten zaigu. Begira, Iruñeko azken atxiloketak, probokatzaile lerdo bati aurre egiteagatik noiz, non eta nola atxilotuak izan diren. Azkenean denak kalean egon arren, komunikabide konbentzionalek jada egin dute kaltea. Jendearen gehiengoak espetxean eta zigortuak daudela pentsatuko du. Titularrarekin gelditzen gara.
Ez dut horrelakoa izan nahi. Ez dut tranpa horretan erori nahi. Eta erantzuten segitu nahi dut. Enpatiaz bizi nahi dut. Gizatasunik galdu gabe. Badakit honen irakurle gehienek ere horrela pentsatzen dutela. Pentsatu nahi dut. Ez isiltzera animatzen zaituztet. Aurre egitera. Gure ideien defentsan, gure hizkuntzaren defentsan, gure eskubideen defentsan.

