Orain bai, agur eta ohore aita!
Hendaian barrena, buru zuri bat ikusi eta zurekin oroitzen naiz. Bizkarrez doala, bixera jantzita, behera begira eta eskuak gibelean elkar loturik, zu zeu zarela ere pentsatu izan dut. Zeinen zaila den, pertsona baten joatera, desagertzera ohitzera. Are gehiago, pentsatzen nuenean, jada, gorputzez joan baino lehen, joana zeundela aita. Eritasunak burua, bizipoza, ilusioa, irribarrea… ebatsi zizkizunean, agur esan nizun. Irribarrerik gabeko gizon hura ez baitzen aita niretzat. Gorabehera handiko urteak izan dira. Bost hain zuzen ere. Beti ere, bizitzaren amaieraz mintzo bagara, zure bizitza jaio orduko izan baita tranpolin bat, Xanti Zapirain Elizalde Kaiku.
Buruaren galera, kontzientziaren galera eta nire iritziz pertsona normal bat bezala bizitzeko gaitasun ororen galerak zer pentsatu handia eman dit. Beldur une asko, erantzunik gabeko galera ugari, hainbat erabaki gogor hartu beharra… Baina egiari zor, babes, laguntza eta maitasun asko jasotzeko urteak ere izan dira.
Azken urtebetean, eritasunak eta horrek sorturiko behar bereziek, zaintzailearen, amaren bizitza erdigunean jartzeko beharrak (gainontzean zure ondoren eroriko baitzen bera ere zulora), espero ez genuen babes garrantzitsu bat hurbildu zitzaigun. Bai horixe, Harrera sarea hain zuzen ere. Hitzak haizeak daramatza, ekintzak ez ordea.
Aitak, konbentzimendu osoz burutu zuen herri askapenerako militantzia. Konpromiso handiz. Beste askok bezala. Borroka hark fruiturik eman ote duen ala ez, zalantzan jartzen da maiz. Askorentzat ez, batzuentzat bai. Zenbaitentzat ez zuen hasi ere egin behar, beste batzuentzat lehenago amaitu behar zuen. Honen inguruan ere hamaika kontu esaten dira egunero.
Gurasoen lagun taldearen bueltan, asko joan dira azken urtebetean. Heriotza gehiegi hamabi hilabetean. Aitortzarik gabe, minaren erreparaziorik gabe, beren ekarpena kontutan hartu gabe…
Esperientzia pertsonal bezala kontatzen ari naiz hau. Pentsatzen dut, ordea, etxe askotako egoera dela oraindik ere. Eritasunaren kudeaketa, zaintzailea tentuz begiratu beharra, baliabide ekonomiko urriak, osasungintza publikoak kasik pribatuaren kostua duenean… Gure etxean Harrera sarearen laguntza jaso dugu azken urtebetean.
Eta nire barrenean sentitu dut, horrekin gutxienez egin zaiola aitari bere ibilbidearen aitortza. Aitak zioen, «bizitzak musu bat ematen badizu, hartu eta gozatu». Harrera sarearen babesa, musu handi bat izan da guretzat.
Orain bai, agur eta ohore aita!