Urtatsa, urtatsa
Azken hatsa hartu aitzin, hatsa hartu eta eman nahi nuke oraindik luzaro, Durangoko Azokaz gaindi, hartzea ematea baita. Gure hatsa edo barneko biziaz ohartu eta adierazi nahi nizueke berriro ere euskara dela euskaldun egiten gaituena, eta berezi egiten gaitu barnean dugun horrek. Izan ere, denok dugu altxor bat gure barnean, eta poesia hori kanporatzen duena da poeta, poema-liburuak argitaratu edo ez. Poetikoki bizi dena da benetako poeta, eta ez soilik poema-liburuak urtero argitaratzen dituena. Beraz, denok gara poetak, Auxtin Zamora poeta handiak dioen bezala.
Urtatsez kantatu ohi zitzaion urte berriari, eta urtearen hasieran jartzen ditugu itxaropenak eta ametsak, urte osoan zehar egin dezagun bidea urratsez urrats. Urtea zahar delarik, abenduan malenkoniatsu jarri ohi naiz eta ene barneko haurra ateratzen zait: iragan azaroan egin genuen 1976an jaiotakoen bazkaria, Txingudi Ikastolan zortzigarren mailara arte egin genuenona, eta gauera arte egon ginen hizketan eta solasean.
Iragan abenduan ere Irunen elkartu ziren duela 56 urteko haur irundar batzuk, Txingudi Ikastolako laugarren promozioko gela klandestinoa, eta elkarretaratze berezi hartan euren andereño izandako Arantxa Arrese ere egon zen. Oraingoz azken kapitulua idatzi dute elkarrekin han bildutako 43ek, guztien sabaietako aletxoak bilduz. Gertakizun pertsonalak, argazkiak eta ikasmaterial historikoak (Xabiertxo) partekatu dituzte Whatsappez. Baita sekretu polit bat ere: Zurea gordea daukazu? Emozio handiz, mila istorio eta anekdota kontaktu dizkidate aurrez aurre Erramun Martiarenak eta Kontxi Goikoetxeak. 2024ko Eguberrietan oroitzapen goxoak piztu ditu Sargia parkean duela 56 urte egin zuten naximendu bizi hark, eta arbel klandestino haren marra infinituak jarraitzen du denen bihotzetan.
Ilusioz ekin diogu urtatsari edo urte hastapen honi, iraganean egindako umekeria eta tontakeria guztiak urtezaharreko sutan erre ditugu; barkamena eskatzen diot nahi gabe eta on beharrez mindu dudanari, baita Euskal Filologian euskal literaturako irakasle izan nuen hari ere… pentsatu gabe egindakoez damu naiz, baina ikasi dut honainoko bidean, eta lorpen txiki batzuk ere izan ditut. Onartzen dut izan nintzena, horregatik bainaiz naizen bezalakoa eta izanen naizena ere, gero eta hobeago aitzina egin ahala.
Urte berri on denei bihotzez!