Bizitzaren miraria
Kontatu gabeko historiaz kargaturiko harriak zapaltzen ditugu, hemengo eta hango urrutikoen joan-etorrien jakintsuak, urrutiko lurren hautsak hemengo lur baskoian nahasiz. Humus emankorretan lurperatzen diren kaliza-harri desegingarriak, eta hare-harri larriak goroldioz estaliriko granitozko harrietan barneraturik, ongi sarturik eta gorderik… ezkutuan dagoen horrek guztiak harrotasunez bizitzen lagunduko digu eta geure etorkizunaren jabe egin. Harro gaitezen geure arbaso ausartez, eta irabaz dezagun euskaldun-nafarrok!
Orain arteko historian asko galdu dugu euskaldunok, eta beste nazio askotan bezala, erabateko suntsiketak izan dira gure herrietan. Herioren itzalak estali ditu Gernika eta beste batzuk, baina argia ikusi dute genozidioaren ondoren. Izan ere, bizitzaren miraria bada bizia bera, eta hemen eta orain egotea.
Bizitzak badu bizitza propioa, badaki heriotza nola garaitu, ikusiz egungo Gazaren suntsiketa amaigabea; badirudi argirik ez dutela gazatarrek inoiz ere gehiago ikusiko. Ikusiz egungo Gazaren zuzeneko genozidioa, ohartzen naiz historiako nazien garaiko labeetan erre zirenak berpizten ari direla, eta orain, sinetsi nahi dut suntsitzen ari diren horiek noizbait berpiztuko direla geroan. Garai batean Gernika bonbardatu zuten, baita Irun ere, eta geroztik Gernika asko egon dira munduko bazter askotan. Jugoslavia zena eslavia ongi uztartua zegoena zen, lehertu zuten arte, denak herri berekoak izanik ere, batzuek bestea birrindu zuten. Eta hala ere, hauts haietatik berpiztu dira ordukoak. Greziako Anogeia Kretako herria era berean bi aldiz suntsitua izan zen eta bi aldiz berpiztua, eta horrek guztiak oroitarazten dit gu gabe ere munduak segituko duela, baina berpiztuko bagara gure hazia utzi beharko dugu nolabait edo, Lauaxetak bezala hil aitzineko azken oyua bota, berpizteko itxaropenez.
Mundua ere agian desagertuko da, baina sinetsiko dut egunen batean bake saindua datorrenean, argia ikusiko duela berriro, berpiztuko hildakoak eta suntsituak. Lauaxetak bazekien fusilatuko zutela, baina ikusten zituen bere hezurrak bizirik etorkizunean; horregatik eskatu zion bizi zenari zain zezala bere hatsa, herriaren arima alegia.
Nahiz eta hil, jarraitzen dugu bestearengan, eta herriak jarraituko badu bizirik, bere oroitzapena, hatsa eta ahala mantendu behar ditu. Gu ez bagaude, bizirik egongo gara gure hatsa kontuan hartzen bada. Oroitzapenak ez dira oroitzapen hutsak, baina bizitzeko eredu eta indar dira bizirik segitzen dugunontzat. Nigan bizirik segitzen dute, era berean, berpizteko itxaropenez hil ziren ene familiako, lagun, adiskide eta ezagunak, oroitzen ditudalako haien hatsak, eta hogeita bi urteren ondoren ere, bizirik segitzen du ene aitak. Bizitzaren miraria horixe baita, hil hurren egonik, hezurrak bizirik irudikatzea etorkizunean; bizitzaren miraria bizia bera da, herioaren itzala gaindituz, berpizten dena.