Bihotz-zimikoa dut ene barnean, ene ‘xiliku’-tik honatago
Urte hasiera makulua eskuan eta haizearekin dantzan hegan hasi dut, enara bati dagokion gisan, eta urte berri honetan sartu gara. Hitzetatik harago ere maitasuna eta adiskidetasuna dago Euskal Herrian eta euskal diasporan, eta hats ematen diogu elkarri. Aurpegietako zuloak edo xolaka-k zoriontasunez sortzen ditugu hiztegietako
hitzekin nahiz hiztegietatik kanpoko hitzekin osatzen den mintzaira komun bat erabiliz, eta amatxiren mintzoa bihotzetik ahora ematen diogulako elkarri. Euskara batez ere batuan ez diren hitzez ere osatzen delako, eta horregatik ni naiz naizena: olerkizalea, ameslaria, euskalduna.
Olerkizaleok norbere xilikoa-ri begira egotearen ospea dugu, baina egiatan inguruko minek eragiten digute geure barnera joaitea. Euskaldunok maite ditugu geure tokian tokiko hitzak, baina ez kanpokoa gaitzesten dugulako, baizik geurea munduan egotea nahi dugulako. Ameslarioi errealitateak min ematen digu xilikoa-n edo zilborrean, eta geure begien aurrean ikusten ditugun bidegabekeriak salatzen.
Gaur, otsailak 20, ongi gogoan dut duela 20 urte gertatutako bidegabekeria bat: euskalgintzari emandako kolpe bat gehiago, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera alegia. HIK graduondokoa egiten ari nintzen EHUn egunkari horrekin lankidetzan, eta uda hartan praktikak egin nituen Andoaingo egoitzan, Egunero egunkari BERRIAn
Orain hemen ari naiz ene xiliku-tik haratago idazten, eta bihotzean kolpe bat jaso dut euskaldun, olerkizale eta ameslari bat naizenez gero. Izan ere, Irun erdialdean irakurri dut Almudena Grandes izenarekin bataiatu dutela plaza. Zergatik, bada, jarri kanpoko emakume baten izena Irungo plaza bati? Ez al ditugu nahikoa emakumezko euskaldun erreferente gaur egun eta historian?
Irungo erdialdeko plazari Inesa Gaxen izena jartzea proposa nezake, adibidez. Nor den Inesa Gaxen? Bada, Nafarroa Behereako Bastidan sortu zen XVI. mendean, eta sorginkeriaren akusaziopean epaitua eta torturatua izan ondoren, Bidasoaz gaindi ihes egin zuen. 20 urte bizi izan zen Irunen eta beste zazpi urte Hondarribian, Hendaiara kanporatu zuten arte berriro ere sorgina izatearen akusaziopean. Inesak beti defendatu izan zuen bere errugabetasuna, eta euskaraz aritzeko eskubidea aldarrikatu omen zuen epaitegietan.