Harri koloka baino faltsuago
Idazlumari jarraiki, Josu Jimenez Maiak Zuihitsua idatzi du lehenbizi eskuz eta artez, gero zuzen argitaratzeko Dakit argitaletxearekin. Zuri gainean beltz idazteko ohitura berreskura dezagun, baina grisak ere badaudela gogoan izan, baita ortzadar ere hodeiertzean. Joan Mari Irigoienek esan zuen behin hitzak sukarriak direla, eta hitzokin nik ere txinpartak sortu nahi ditut zuen gogo-bihotzetan, kontzientzia pitzarazi, eta azkarregi doan mundu honetan egon eta goait, Jean Etxepare hitz-ehiztariaren gisa, pausatu eta gure arbasoei erreparatu. Japoniako kulturan te-kikarak ezin dira xaboiez garbitu, arrakaletan gelditzen baitira historiaren istorioak, eta beraz, xafarra ditzagun gure historiaren artekak, ur berriz egia azalera dadin.
Egia azaleratzeko gezurrak alde batera utzi behar dira eta zintzoki mintzatu, ziurtasunez azaldu barnekoa. Baina egia dena da ez dela erraza gezurra dena garbi ikusten, eta beti harri beraren gainean egin ohi dugula estropezu. Tinko eta lurrari atxikia dirudien harrian pausatzen dugu batzuetan oina mendian, eta orduan erori egiten gara, egiatan ez zegoelako tinko lurrari, kolokan baizik. Orduan gogoratzen naiz behin Hondarribian aditutako esamolde batez: Harri koloka baño faltsuago da hori!
Kolokan dago gaur egun dena munduan, orok hondamendia dirudi, eta Euskal Herria den gure ontzi hau noraezean dagoela sentitzen dut. Zorabiaturik nago hainbeste albiste eta berri txarrekin, eta mugaldeko bizitzearen ajeak egunero ikusten ditut: migrazioaren afera konponezina, Euskaraldiaren asmo politak… mugaldeko bizitzak argi-ilunak izan ohi ditu, eta gaueko lanean ibiltzea ohikoa zen mugako euskal herrietan. Iragan igandean gaueko lanean ibili zirenei omenaldia egin zaie Bera eta Urruña artean, Ibardingo lepoan, gau eta egun karga bizkarrean bizitza arriskuan jarririk ibili zirenen oroitzapenez, eta orduan, Amaiurko ene aitatxi Joxe artzainaz oroitu naiz, noizean behin gaueko lanean ibiltzen zena eta bertsotan eskuaraz aritzen zena. Gau beltzaren ondoren egunsenti itxaropentsua etorriko al da?
Udazkena harri koloka baino faltsuago etorri zaigula dirudi: udaz mozorroturik agertu baitzaigu larrazkeneko jauntzi nabarrekin, eta San Simon eta San Judaren kantua faltsua iruditzen zait, ez baitakit noiz joanen den uda, neguari toki egiteko. Denek diote klima-aldaketa sakon batean gaudela, gizakiok eraginda-edo, eta ni egunero faltsua ez izaten saiatzen naiz, baina ni ere kolokan nago munduan inon ere kokatu ezinik. Gau beltz ikaragarria dator, eta nork babestuko gaitu? Urrian Maddi pastorala ikustera joan nintzen Sarara, mugaldera. Egun eguzkitsua izan zen, eta haizetsu zegoen. Azken perediküra arte gozatu nuen Xaretan egindako pastoral luzea, Maddiren tragedia. Maddiren izpiritua gure artean dabilela dirudi eta diosku: «Iratzar gaitezen! Goazen denok laguntzera! Nehongo konplexurik gabe, bizi gaitezen euskeraz!». Oroitu, irakurle maite, kulturaren iturria funtsean euskara dela, euskaldunon aberria, eta burujabetasuna dela bermatzen ahalko duena Herria eta Hizkuntzaren betiko biziraupena.