Eguzki-histuraren uda errea
Uda beroa eta zenbaitetan itogarria igarotzen ari gara, eta buruila sartu zaigu; irail honetan sartzen ari gara ikasturte berrian, eta udazken freskoa sartuko delakoan, itxaropenez beterik dugu bihotza. Udaberriaz jada ez gara oroitzen, eta uda luzea eta kiskalgarria izan dugu; uztailean desertuan izan naiz Nador hirian, Marokon, beste mundu batean, Melillako muga gotorra eguzkipean pasa ondoren. Zokoan izan naiz, emakumerik ez eta gizonak begira eta tabernetan solasean. Zokoan izan da emakume hau, eta emakumeekin ezin izan naiz harremanetan sartu, gutxiago gizonekin. Zokoraturik sentitu naiz Nadorreko zokoan edo azoka musulmanean, baina tamazighen artean asko ikasi dut eta hunkitu naiz eguzki errearen azpian. Eguzkiak histu gaitu, baita ilargiak ere eklipsatu.
Ikasturte berrian sartu gara, eta gure garai arraro eta ilun hauetan gure pentsamena argi mantendu behar dugu, emozio hitsek ilundu ez gaitzaten, ilargiak eguzkia histu edo eklipsatu baitu aurtengo agorrilean. Eguzkia alde batetik eta ilargia bestetik parez pare jarri dira, elkarri begira zenbat maite duten elkar erraiten diote batek besteari, jakinik inoiz ere ez dutela bat egingo. Baina, instant batez, mundu desberdinetatik datozen bi izaki elkartzen dira eta betiko une bateko bidea batera egiten dute zerua ilunduz eta haize hotz batek inguratuz. Eguzkia histu edo tristetu zen, ostera, ilargia aldendu zitzaionean. Horrelakoak dira ezinezko maitasunezko istorioak batzuetan, instant intentso bat betiko irauten duena gure barnean.
Ikasturte berria hasi dugu, eta probestu behar dut orri zuri hau betetzeko ene hitzekin. Ene azal hau orri zuri bat zen munduratu nintzenean, eta gorputz hau liburu bat. Denborak idatzi du pixkanaka ene historia ene aurpegian, besoetan, sabelean, aluan, zangoetan. 50 urteko historia. Ez naiz deusetaz damu, nahiz eta naizen muda, ez naiz damu ama ez izateaz; izan ere, berriz ere erabakiko nuke ama izatea maite nauen bikotekide batekin eta ez bakarrik. Berriro ere sortuko banintz ez nuke mudatuko erabakirik, berriro ere saiatuko nintzateke ene seme-alaben aita bilatzen saiatzen, horretarako ene poemekin limurtzen. 50 urte bete ditut, mende erdia ama izatearekin amets egiten, idazle bilakatzen nintzela irudikatzen… 50 ametsezko urte bete ditut, eta aitzina noa ene ametsek bulkatzen nautela, helburuak tinko eta maite ditudanekin. Ez naiz deusetaz damu, mudatu baititut ametsak, aldatu bainaiz denborarekin.
Gauza asko egin ditut publiko ene artikulu eta poemetan, batzuk alaiak, beste asko tristeak, hitsak. Bizitzako gertaerek idatzi dute ene azalean odolez eta malkoz, eta zimur eta orban batzuk ditut horren oroigarri. Hala ere, nahiz eta zenbait gauza intimo eta pribatu publikatu, badira zenbait gauza ezkutaturik gelditzen direnak gizaki bakoitzaren barnean, bihotzean. Ilargiak eguzkia eklipsatzen edo histen duen bezala, ene azalak babesten du ene muina.

