‘Urri(a)roan’ poesia ez da urri
Buruila, agorra edo irailarekin batera, udaren azkena dator; adio udako egun luzeak. Ilbehera. Buruilean haize frexko batek besarkatzen gaitu, eta palestinoa jarri dugu lepo inguruan hotzeriak har ez gaitzan. Gure euskal lurra ez da agorra, eta irailean fruiturik goxoenak sortzen diren bitartean… heldu eskutik, otoi.
Urriroan hotz da gure bihotzetan, eta urri dira argi-izpiak. Txoriek zeharkatzen dute zerua iparretik hegora, eta Sara nahiz Etxalarko mendiko usategietako isilguneak dira funtsezko, uso pasaiariak ehizatzeko. Lehorrean dauden isilgune hanitx topatu ditut, baina astunena eta mingarriena lagun min izandakoaren hitzik eza. Isilik dago aitaren bordarako bidea, isil ozena zen osaba Tomasekin izandako elkarrizketa, bere begirada dardaritik bere iragan mina kontatu nahi zidala iruditzen zitzaidan, eta isil-isilik erantzuten nion masailean musu batekin. Eta nik isilik bere iragana amestu nuen.
Zer dio isiltzen denak isiltzen denean? Haren zauria hitzetan jarri nahi nuen. Izan ere, hitzez beterik dago mundua, eta nik hiztegian ez dauden hitzak ditut gogoan, amatxiren hitz horiek barnean, munika eta urriroa, eta aitaren marrakuko ditut bihotzean, baita izo Teresak erraiten zizkidan aitatxi-amatxien Amaiurko hotsak ere. Hitzez beteriko mundu honetan osaba Tomasek erakutsi zidan isilunea urrea dela, eta bere isilgunea behar duela, norberaren bihotz-taupadak entzuteko.
Isiltasuna. Minutu bateko isilunea (eta isilgunea ere bai, beharbada) egingo nuke bere alde, Euskal Herriaren alde, euskaldunen alde, maite ditugunen alde eta jada ikusten ez ditugunen (baina bai entzuten ditugunen) alde. Nire alde. Isilune bat eskatuko nuke isilguneren batean, ene baitan.
Txoriek zerua zeharkatzen dute iparretik hegora, epeltasunaren bila, eta zoriona daramate Euskal Herritik, ipar hemisferiotik, Euskal Diasporara, hego hemisferiora. Mila goraintzi hego hemisferioko euskaldunei, zorionez beste urte batez Argentinako euskal astea ospatzen baitute Tandil hirian, eta hantxe aurkeztuko dute 2025eko Hatsaren poesia liburua larunbatean, azaroaren 1ean, liburuan parte hartzen duten euskal diasporako poetek, Elixabete Andueza senpertarrak aurkezturik eta lagundurik.
Urriaroko azken egunean, santu guztien egunaren bezperan minutu bateko isilunea, eta beharbada isilgunea ere bai, egin nahi nuke Euskal Herri osoaren alde, poesia ez baita urri urriroan (edo urrian), eta txoriak iparretik hegora doaz epeltasunaren bila. Eguna argi, bihotza bero, hego hemisferioko irribarrea da opari ipar hemisferioko euskaldunontzat. Denborak hegan egiten du, baina zuek beti, maitasun eta indarraren iturri. Urteen haria urrezko hari, zuen begietan beti argiari irribarre, udazkeneko lore, bihotz beroak dena eginaraz baitezake.

