'Munika' utzi beharko dut luzatzen
Urte berri on denei bihotzez!
Sanjose loreak nonahi eta mimosak loretan daude natur-bideetan eta errepide bazterretan. Sanjose loreak omen dira udaberriaren iragarle, San Jose egunaren inguruan ateratzen direlarik, baina San Jose eguna hemendik hilabete batera izango da, eta jadanik udaberri-aireak inguratzen gaituela dirudi, hotzak joan direla eta eguzkiak epeltzen gaituela.
Sanjose lore horiak irribarre eginarazi didate eta hatsa epeldu, bihotzeko minak goxatu eta poetikoki mintzarazi. Negua joan da eta udaberria etorri zaigu jada, garaia baino lehen? Egia ote batzuek dioten klima-aldaketa?
Neguak laburtu dira, eta uda urtatseraino luzatzen da, udaberria iragarriz. Hego-haizeak kopeta laztantzen dit, eta eguzkiak ilundu begitartea mundualdi hau hartzen ari den martxa ikusirik. Badirudi gizakiaren DNAn dagoela gerra eta sufrimendua, eta ez dela gai bakerik egiteko, bakean bizitzeko. Gozatzen al dugu bestea zapaltzen eta norberarena soilik goraipatzen?
Negua laburtu da, eta halabeharrez atera naiz kobazulotik kanpora. Eguzki epelak goxatu dizkit bihotzeko arrengurak eta penak, baina laster iluntzen dit gogoa munduaren martxak. Munika utzi beharko dut luzatzen kopetaren ilunak eta marrak estaltzeko?
Gogoa iluntzen dit ikusteak ene txikitako betiko hitz bat ez dudalarik inongo hiztegitan aurkitzen, eta orduan, soilik ene amak Irunen irakatsia didan hitzak Bidasoan goiti narama, Malerreka aldera, Oitz herrira. Munika edo kopeta-ilea luzatzen utzi beharko nuke, ene haurtzaroan bezala ene oroitzapen eta ametsak babesteko?
Munika-rik ez dut aspaldian, eta hiztegietan ere ez dut aurkitzen, baina hiztegietan ez dauden hitzek itxaropena pizten dute nigan, hiztegietan ez dauden hitz bizi horiek maite ditut. Hitz batzuk hiztegietan daude, ordea, baina ez dira ia bilatzen, eta horiek ere maite ditugu. Egun batzuk urteetan daude, baina ez dira antzematen, oroitzen ditugu. Udaberrian joan zen aitatxiz, amatxiz, osaba Migelez edota izeba Kontxiz oroitzen naiz. Munika-rik ez dut orain, baina hiztegietan ez dauden kopeta-ile horiek gordetzen dute ene oroimena. Beharbada, munika luzatzen utzi beharko nuke berriro izan nintzen nexka txiki xalo hura berriro ere izaiteko?
Sanjose lore goiztiarrek ekarriko ahal dute uda berria, gerra-hots horiek isildurik? San Jose loreekin batera, Hatsaren Poesiak aurten ere ehundik gora euskal poeta hango eta hemengo bildu ditu, eta Lasarteko Juan Luis poetak bere sen poetikoa Hatsaren Poesian utzita, joan zaigu udaberria iragarriz.
Negua joan zaigula dirudi, eta horrekin batera, ametsak biziberritzeko garaia, ametsak egikaritzeko ordua. Ausartuko al gara elkarri lagunduz denok norabide berean arraun egiten eta Euskal Herria biziberritzen? Euskal Herrian euskaraz ez bada posible, bota dezagun demokrazia zerri-askara!