Gutuna: "Hondarribian berdintasunaren aurka egiten San Tomas egunean"
Larunbatean da San Tomas eguna. Horren harira, urteroko azoka egingo dute Hondarribian Horren gaineko gogoeta, HITZAra bidalitako gutun bidez, egin du Mikel Estonba Zeberiok. Hona, hitzez hitz, hark esandakoak:
“Atzo enteratu nintzen Hondarribiko Emakumeak deituriko talde baztertzaileak, matxistak eta feminismoaren aurkakoak (hau da berdintasunaren aurkakoak) txosna jarriko duela Santo Tomas egunean Hondarribian.
Udalak jarritako baldintzak bete dituzte, eta beraz, alde horretatik ezer gutxi dut esateko. Gauzatxo bat bai esan nahi dut, ordea. Datorren urteari begira, baldintzen artean eskatuko nuke talde baztertzaileak eta matxistak ez onartzea. Baldintzetan argi gelditzea zein talde diren eskatzaileak eta zer egingo duten lortutako diruarekin, zer ekintza antolatuko dituzten lortutako diruarekin.
Talde honek bere estatutuen arabera baldintzak bete ditu, baina bere ekintzetan betetzen al du Berdintasun Legearekin? Ez!
Hondarribiko Emakumeen kasuan argi dago zer egingo duten Santo Tomas eguneko diruarekin: Jaizkibel konpainiaren aurkako pankarta iraingarriak egin, berdintasunaren aurkako pankartak egin, Jaizkibel konpainian ateratzen garen kideon aurkako mehatxuz beteriko kartelak eta pankartak egin, azken finean, berdintasunaren alde lan egiten dugunok jazartu.
Hondarriko Udalari eskatu nahi diot, eska diezaiola talde horri memoria bat non ager dadin zertan gastatu duten dirua, eta nik esaten dudan bezala baldin bada, datorren urtean debekatu beharko litzaioke talde horri txosna jartzeko eskubidea. Ez da bidezkoa bere ekintzetan matxista eta baztertzailea den talde bati txosna bat jartzeko aukera ematea. Talde honi osasun kordoi bat aplikatu beharko litzaioke, ezin da bere jarduna zuritu eta diru laguntzak izateko aukera eman. Demokrazia aurreratuetan faxismoarekin eta eskuin muturrarekin egiten den bezala, talde baztertzaile hau isolatu behar da, ez ditzala laguntzarik izan bere jardun baztertzailea aurrera eraman ahal izateko.
Guztiok gogoratzen dugu talde hau sortu zuenetik zein ibilbide iraingarria egin duen Hondarribian 365 egunez berdintasunaren alde jarduten dugunon kontra. Mehatxuak, eta heziketa falta izugarria erakutsi ditu, bere ibilbidean eginiko pankarta eta karteletan erabili dituen lemek argi uzten dutenez. Egin dituen adierazpenei buruz zer esan, bada beste hainbeste.
Honegatik guztiagatik lotsagarria eta mingarria egiten zait Hondarribiko Emakumeak taldeak txosna jartzea, beste behin ere gure herria barregarri gelditu da, berriro ere matxismoaren aldeko herri bilakatu gara, eta baita berdintasunaren aurkakoa ere”.
Mikel Estonba Zeberio