Gutuna: "Kanpotik etorritako hondarribiarrak euskaraz"
Azken urteetan gure herrietako errealitate soziolinguistikoa aldatu egin da; geroz eta jatorri gehiagoko biztanleak ditugu gure herrian, eta hortaz, entzun ditzakegun hizkuntzak ere gero eta gehiago dira. Hondarribian ere pertsona ugari etorri dira atzerritik hona bizitzera, eta noski, haien artean nerabeak.
Azken hauek euskarazko hezkuntza sistema publikoan sartzen dira euskaraz hitz erdi bat ere esaten jakin gabe. Hezkuntza sailetik murgiltze horretarako baliabideak eskaintzen dira baina ezinezkoa da ikasle hauen beharrak horiekin bakarrik betetzea.
Hizkuntza menperatzea erabat beharrezkoa da hezkuntza arrakastatsua bermatzeko eta ikasle hauek ez dute behar beste laguntzarik jasotzen. Gainera, hauetariko batzuk oso urte gutxi izaten dituzte euskalduntzeko; esaterako, 14 urterekin etorritako ikasle bat zuzenean DBHko 3. mailara sartuko litzateke. Erran beharrik ez dago maila horretan ematen diren edukiak menperatzea ezinezkoa dela irakasleari ezertxo ere ulertu ezean.
Hori guztia kontuan hartuta, 2019-20 ikasturtean Hondarribiko Udalari ikasle hauei eskolaz kanpo euskarazko klaseak edota bestelako laguntzaren bat eskaintzeko eskatu genion. Urte eta erdi pasa da geroztik, baina oraindik ez da aurrerapausorik eman. Udalarekin izandako hartu-emanetan, erantzun lauso batzuk baino ez ditugu jaso.
Behar duen garrantzia eman behar zaiola gai honi uste dugu; zalantzarik gabe lehentasunezko arazoa baita gure ikastetxean. Guztion egitekoa da ikasle hauei bidea erraztu eta euskara ikasteko baliabide eta laguntzak ematea ikasketa prozesua behar bezala bukatu ahal izateko. Hortaz, hondarribiar hauek merezi duten aukera izan dezaten, udalaren aldetik erantzun irmo bat eskatzen dugu.