Gutuna: "Irungo irakasle kondenatuaren harira"
Aste honetan jakin da Irungo ikastetxe bateko irakasle batek espetxe kondena jaso duela, ikasle bati sexu gehiegikeriak egitea egotzita. Bidasoako Itaiak hedabideek gaia nola landu duten aztertu, eta kritika zabaldu du. Horrez gain, Martxoaren 8rako deialdia ere egin du Bidasoako Itaiak, indarkeria matxista oro errefusatzearekin batera.
Jarraian, hitzez hitz, Itaiako kide Irene Gorrotxategi Susperregik esandakoak, mugimenduaren izenean:
Irungo irakasle kondenatuaren harira
Irungo irakasle bati lau urteko kartzela zigorra jarri diote adin txikiko bat sexualki erasotzeagatik. Ezer baino lehen, gure elkartasun eta babes osoa helarazi nahi dizkiogu biktimari eta familiari. Abenduan gertakaria salatu genuen, eta oraingoan horretaz gain, medio askok hartu duten jarrera mahaigaineratzea beharrezkoa ikusten dugu.
Hala, kazeta ugarik eman dute kasuaren berri eta ezinbestekoa ikusten dugu medioek gai hauek tratatzeko erabiltzen duten morboa salatzea. Izan ere, beharrezkoak ez diren datuak ematen dituzte etengabe, albisteak artikulu sentsazionalistez bete eta etekina ateratzeko. Honek ez du inondik inora biktimaren intimitatea errespetatzen eta gainera, salatzera ausartu ez diren emakumeei ere ez die inolako mesederik egiten. Beraz, gertatutakoa bezalako gertakari tamalgarriei horrelako trataera ematea guztiz lotsagarria da, eta indarkeria matxistaren kasuak irakurtzen ditugunean hausnartu beharko genuke zenbateraino den kasuaren azalpena eta zenbateraino morboa sorrarazten duen informazio gehigarria.
Azkenaldian, egunero jasotzen ditugu indarkeria matxistarekin lotutako berri gaitzesgarriak: urte hasieran Barakaldon erail zuten emakumea, otsaila hasieran Irunen gertatutako erailketa, EHUn letretako irakaslearen kasua, kirol-taldeetako entrenatzaileen partetik salatutako erasoak hainbat herritan, Legution gizon batek bere emaztea itotzeko saiakera, eta abar luze bat. Gaur egun, begi bistakoa da ideologia matxista eta ideia atzerakoiak hartzen ari diren indarra, hain zuzen ere, gero eta entzutetsuagoak dira matxismoaren existentzia ukatzen duten ahotsak, eta horrek matxismoaren betikotzea dakar. Jarrera erreakzionario hauek emakume langilearen askatasunaren kontra egiten dute zuzenean, eta ezin dugu gure askapenaren bidean atzerapausorik onartu.
Guzti honen aurrean, nahitaezkoa da gizarte osoaren inplikazio aktiboa, ezin baikara beste aldera begira gelditu. Are gehiago, horrelako kasuek indarkeria matxistaren aurka antolatzeko arrazoiak soberan ditugula erakusten digute. Hori dela eta, martxoaren 8an Irungo San Juan plazan 13:00etan mobilizatzeko deia luzatzen dugu eta, aldi berean, indarkeria matxistarekin bukatuko duen gizarte eredu baten alde antolatzera ere, matxismoaren aurrean lehen lerroa hartzea baitagokigu.
Irene Gorrotxategi Susperregi. Bidasoako Itaiaren izenean.