Gutuna: "Hondarribiko udaltzainen inguruan, berriz..."
Babacar Welleren hilketaren harira, gutun bat bidali du Patxi Muñoz hondarribiarrak HITZAra. Bertan, Hondarribiko Udaltzaingoaren aurka gogor agertu da:
Hondarribiko udaltzainen inguruan, berriz…
Duela bi aste eskas, poliziak aplikatzen zuen bortizkeria neurrigabeaz eta jarduteko arbitrariotasunaz aritu ginen. Orduan, gaiaz hitz egiteko arrazoia izan zen pankarta ziztrin bat zabaldu eta bi bengala pizteagatik gertatutakoa: indarkeria, kaosa, atxilotuak, etab.
Mahai gainean jarri zena zera izan zen: Hondarribiko udaltzainen artean errotzen ari den kultura poliziala, ziurrenik Arkautiko eskolatik inportatua, arazo handia bihurtzen ari zela. Tristea da gaur hitz horietaz gogoratu eta onartzea oso motz gelditu ginela. Udaltzain batek pertsona bat tiroz hil du. Hiru tiro jota.
Babacarren kasua denok ezagutzen genuen, noski, baita poliziak berak ere. Denok dakigu, ondo gainera, osasun arazo larriak zituela, ez zela horrelakoak gertatu ziren lehenbiziko aldia, denok dakigu, bai. Eta denok jakin beharko genuke horrek frogatu besterik ez duela egiten zein mailako basakeria izan den gertatutakoa. Horrelako egoeran zegoen pertsona bat erditik kentzeko bide azkarra hartu dute, hiru tiro jota (ezin diogu hau azpimarratzeari utzi). Udaltzain batek!
Sistemaren porrotaz hitz egin du Udalak kasua aztertzerako momentuan. Eta bai, sistemaren porrota ukaezina da. Edo, hobe esanda, batzuen aberastasuna mantentzeko milaka pertsona porrotera bidaltzen dituen sistemaren arrakasta. Hala ere, pertsona honek jaso duen atentzio faltaren arrazoi zehatzak oraindik argitzeko daude. Gero, arazo soziala den hori (pobrezia, bakardadea, gaixotasun mentalak), ‘hiri segurtasunaren’ ikuspegitik begiratzen da; eta horrela atera dira, ehunka troll, sare sozialetan hilketa polizial bat txalotzera. Hortxe dugu, gaur egun, eskuin muturraren obsesio bilakatu den segurtasun faltaren errelatoaren ondorio logikoa: miserian bizi direnen erabateko deshumanizazioa eta biolentzia polizialaren gorazarre itsua. Ez dakit zuei, baina niri behintzat ez zait okurritzen segurtasun faltaren adibide garbiagorik, munipa batek hiru tiro botatzeko eskumena izatea baino.
Isiltasun konplizerik ez du balio oraingoan. Gertatu dena, egia, argitu beharra dago. Hondarribiko udaltzainekin arazo bat zegoela jakinda ere, gaia saihestu egin da. Eta hemen emaitza. Bitartean, bai Ertzaintza zein Udaltzaingoa dabiltza herritik bueltaka, Babacarren heriotza salatzen duten kartelak kentzen, kartelak jartzeagatik edo haiek grabatzeagatik jendea identifikatzen eta jazartzen. Inpunitatez jokatu nahi dute, eta hau ekiditeko neurriak hartu behar dira, lehen bait lehen. Santurtziko Anderren, Babacarren, eta beste askoren memorian, kendu hiltzeko tresnak txapelgorriei!
Patxi Muñoz Ancisar. Hondarribian.

