Gutuna: 'Hondarribian feminismo eredu bitxia'
Mikel Estonba Zeberiok gutuna bidali dio HITZAri. Atzoko Martxoaren 8ko manifestazioan bizitutakoa kontatu du.
Mikel Estonba Zeberiok gutuna bidali berri dio HITZAri. Atzoko Martxoaren 8ko eskualdeko manifestazioan izan zen, eta bertan bizitutakoaz aritu da. Ondorengoa da gutuna, hitzez hitz:
Atzo, martxoak 8 emakumeen nazioarteko eguna, mugimendu feministak antolatutako manifestaziora joan nintzen. Hondarribitik atera eta Irunen bukatu genuen.
Manifestazioan gauza bitxi asko ikusi nituen eta guztiak atsekabetzeko modukoak izan ziren.
Alde batetik, iritsi eta berehala pertsona batzuk hurbildu zitzaizkidan txapa batzuk eskainiz, normala, ezta? Pentsatuko duzue. Ba bai, ohikoa manifestazioetan, baina normala ez dena da txapak saltzen ari zirenetako batzuk irailaren 8an alarde baztertzailea babesten duen Abotsanitzeko zinegotzi batzuk zirela.
Noren buruan sartzen da emakumeak baztertzen dituen alarde baztertzailea hauspotzen duen eta harrera egiten dion talde politiko bateko ordezkari publikoak ezer gertatuko ez balitz bezala emakumeen nazioarteko egunean feminismoaren izenean txapak saltzen egotea?.
Gora inkongruentzia eta kontraesana! Guadalupeko amak guztia barkatu die, eta barkamena lortzeko irailaren 8an txintxo txintxo egongo dira alarde baztertzaileari harrera egiten.
Badakit bai, inozoa naiz, bi hilabete barru udal hauteskundeak ditugu, talde politiko horrek aurpegia zuritu behar du, haien kontzientziak lasaitu eta irudia saldu. Benetan penagarria.
Bestalde, Hondarribitik hasi eta ia Iruneraino bozgorailutik eman zituzten ia mezu guztiak gazteleraz izan ziren. Emeki talde feministako (irakurle, ironia aplikatu azken hau irakurtzerakoan) kide bat ari zen mezuak zabaltzen, ez al dago euskaldunik talde horretan?. Alardearen auzian 25 urtez isilik egon den emakumeen elkarte bateko kide batek eraman behar al du bozgorailua?.
Bada, beraz, zerbait hobetzeko datorren urterako. Edozerk ez du balio bozka batzuk irabazteko, duintasuna eta benetako borroka feminista askoz garrantzitsuagoak dira.
Zaindu dezagun euskara.
Gora borroka feminista!