Gutuna: "Guztiona dena ahulduz"
Azken urteotan sektore pribatua indarra hartuz doala ikusten dugu. Hori, berez, ez da txarra noiz eta ez duen guztiona dena eta guztion artean izerdiz eta odolez eraikitakoaren kontra egiten.
Azken urteotan sektore pribatua indarra hartuz doala ikusten dugu. Hori, berez, ez da txarra noiz eta ez duen guztiona dena eta guztion artean izerdiz eta odolez eraikitakoaren kontra egiten. Hor dugu osasungintza pribatua, komunikazioak, elektrikak edo funtzio publiko oso garrantzitsu bat betetzen duen gertuko merkataritza.
Lehia bat irudika genezake publikoa VS pribatua. Argi dago sistema bera sektore pribatua laguntzeko konfiguratuta dagoela. Baina zer pentsatuko zenukete sektore publikoak pribatua laguntzen ari dela esango bagenizueke? Hori esateko asmotan idatzi ditugu lerro hok. Gure esparrura mugatuz, Hondarribiko udalaren jarrera salatu nahi dugu.
Pandemia hasieran txundituta utzi gintuen udalak kontingentzia planaren txostena enpresa pribatu batek egina zela jakin genuenean. Guk ausardiaz eta informazio gardenarekin aurrera egiteko eskatu genion etengabe, baina, alferrik. Ez hori bakarrik, udal instalazioetan sortutako kutsatzeen aurrean zer egin edo ez erabaki zutela ikusirik udal honen publikotasuna ezbaian jartzen hasi ginen. Ondoren, bi urtez eskatzen egon ondoren, legealdi plana aurkeztu zuen udal gobernuak herriari eta udal ordezkarioi. Legealdi plana gobernuak irauten duen bitartean zure buruari helburutzat jartzen dizkiozun erronkak dira, ba hau ere enpresa pribatu batek landua izan da, ikaragarria. Eta gure pazientzia agortu duen azken tanta. Irungo udalak jaiak bertan bera uzten zituela adierazi bezain pronto Txomin Sagarzazu alkateari zera esan genion, Hondarribiko jaiak egiteko egoera ez genuela ikusten eta mesedez iniziatiba hartu eta adierazi zezala udalak bertan bera uzten zituela jaiak. Ba beste behin publikoa eta guztiona dena txiki, menpeko, iniziatiba gabe eta morroi ikusi dugu. Hondarribiko alarde fundazio pribatua EITBn azaldu zaigu Hondarribiko jaien festa nagusia egingo ez direla esaten. Lotsa eta haserrea sentitu dugu. Emakumeen eskubideak zanpatzeko eta Borja Jauregiren agintaldian diseinatutako entitate pribatuak erabaki du aurten gure herriko jaien festa garrantzitsua ez dela egingo, haiena soilik izango balitz bezala eta udala, herritar guztiona den etxeak, horren inguruan erabakitzeko ahalmena ez balu bezala.
Aski da! Alarde publiko, parekide eta bakarra orain!! Ez dugu etsiko pertsona guztiak gure herriko jaietan parte hartzeko aukera eduki arte!