Gutuna: 'Erein dute beldurra segurtasunaren alde'
Paul Estonbak, Bidasoko Kontseilu Sozialistako kideak, gutuna bidali du HITZAra ‘Erein dute beldurra segurtasunaren alde’ titulupean. Jarraian, haren iritzia hitzez hitz:
“Lege orok salbuespena duela diote, eta EAJ-PSOE aliantzarena Irunen dago. 2018tik oposizioan da EAJ, nahiz eta Santano-Labordaren izendapenaren aldeko botoa emateko agindu dieten goitik. Zirku elektoraleko marka guztien zioa, euren burua lehiakidearena baino kudeatzaile hobetzat saltzea da. Hargatik, EAJ aspalditxo dabil nortasun bereizgarri baten bila. Logika honen baitan kokatu behar dugu Iridoyk «segurtasunaren arazoarekin» ematen duen matraka. Ez gaitzatela engainatu, ordena-sozialaren kontrol autoritariorako politika berbera dute udalbatzako alderdi guztiek; ez da kasualitatea segurtasun plana aho batez onetsi izana. Jeltzaleek ez dute aldaketa sustantzial bat galdegiten, antzerki elektoralerako trikimailu zahar bat baino ez da.
Enegarrenez aritu da EAJ bere teman; oraingoan, 2023ko auzoen azterketa aitzaki hartuta. Ez diete argiki atzerritarrei leporatzen ustezko segurtasun arazoa; bai ordea halakorik ulertarazten duten esaldi iradokitzaileekin: «Biztanleria atzerritarrari dagokionez, batez bestekoa baino ia 3 puntu gorago daude»; «Immigrazio ehuneko handiena duten auzoek dute pertzepzio txarrena […] San Migelek ez du gainditzen»; «Irungo baloraziorik txarrena gure hirian jaiotakoek egiten dute».
«Erein dute beldurra segurtasunaren alde», zioen Zaramaren kanta batek, eta ondo erein ere. Inkestatuen % 41,3k dio segurtasuna duela kezka nagusia. Zer ote da bizilagunek inkestatzaileei esan ote dietena, azken hauek «biztanleria atzerritarrari buruz dagoen pertzepzioak kezkatzen du» esateko?
Ikerketa honek arras gauza interesgarriagoak kontatzen dizkigu: behar pertsonal ohikoenak zailtasun-ekonomikoak (%7,9), etxebizitza-premia (%7) eta lana aurkitzeko zailtasuna (%6,9) dira. Inori ez dio axola irundarren 7. arazo nagusia, pairatzen dituzten jokabide arrazista eta xenofoboak dira (%1,2). EAJ San Migelekin horren kezkatua egonik, zergatik ez du aipatu 2021. urtean San Migel izan zela Gipuzkoan errenta media garbi baxueneko barrutia? Datuak migrazioarekin lotzea gustuko dutenez, horra titular alternatibo bat: Irungo auzoetatik atzerrian jaiotako ehuneko handiena duenak ditu Gipuzkoako pobrezia datu okerrenak; populazio migratuaren zaurgarritasuna erakusten du.
Auzoaren puntuaziotzat aurkezten zaiguna, ezin da horietan bizitzeko dugun kalitatetik banatu. Alokairuaren eta bizitzaren garestitzeaz hitz egin baino, nahiago dute otsoa datorrela esanez alarma sortu. Guk argi dugu irtenbidea ez dela ez hauen, ez ogi apurrak hitz ematen dizkigutenen partetik etorriko”.
Paul Estonba. Bidasoko Kontseilu Sozialistako kidea