[Gutuna] Emakumeen Kontxa eta alardea
Aste honetan bidali dizkit lagun batek sareetan zabaldu diren Hondarribiko Alardeari buruzko adierazpen batzuk. 1996ko irailaren 1ean [...]
Aste honetan bidali dizkit lagun batek sareetan zabaldu diren Hondarribiko Alardeari buruzko adierazpen batzuk. 1996ko irailaren 1ean, Euskaldunon Egunkaria-n, Jakes Goikoetxeak eta Idurre Eskisabelek Bidasoko alardeen inguruko erreportaje batean herriko zenbait sukaldari, musikari, kirolari eta idazleri emakumeak soldadu bezala parte hartzeari buruzko iritzia eskatu ziguten. Garai hartan Hondarribiko traineruko arraunlaria nintzen. Hauxe esan nuen, besteak beste, elkarrizketa hartan: «XX. mendean gai horretaz eztabaidatzeak ez du zentzurik eta espero dut agintariek zentzuzko erabakiren bat hartuko dutela emakumeek gizonen moduan parte hartzeko».
Gogoan ditut hasierako urte gogor horietan izaten genituen eztabaidak eta liskarrak, eta ez dut ahazten lagun tradizionalista sutsu batek barrez bota zidan argudioa: «Eta zer izango da hurrengoa? Emakumeak Kontxan arraunean ikustea?». XXI. mendea aurrera doa. 2021eko irailaren 12an, Hondarribiko emakumeen trainerua Kontxan izan dugu arraunean eta ez dirudi inori arraro edo barregarri iruditzen zaionik.
Zorionez, gure jendarteak, Hondarribiak barne, aurrera egin du. Eta lortu da emakumeen parte hartzea bai arraunean, bai beste arlo askotan ere. Baina hau ez da erraza izan, ez zegoen olatua alde, haizearen kontra eta brankaz aritu behar izan da arraunean. Emakume askoren lana eta borroka beharrezkoa izan da kirolean eman diren aurrerapauso horiek lortzeko. Eta 25 urte hauetan aurrera egin da. 26 izan ziren 1996an alardean sartzen saiatu ziren emakumeak. 2019ko irailaren 8an Jaizkibel konpainian 800 lagun baino gehiagok parte hartu zuten. Baina mende laurdena pasa den arren, gatazkak konpondu gabe jarraitzen du emakumeei jaietan nahi duten bezala parte hartzea debekatzen zaielako. Belaunaldi oso batek ez ditu bere herriko jaiak bakean pasa.
Oraindik espero dut agintariek zentzuzko erabakiren bat hartzea, eta beste 25 urte horrela ez igarotzea. Haiei dagokie eskubideak bermatzea eta elkarbizitza sustatzea. Garaian ez bezala, orain olatua popaz hartzeko aukera baliatzea.
Emakumeak, arraunean bai, eta alardean ere, noski.