Gutuna: "Urgentziazkoa da kaleak hartzea"
Azken egunetan hainbat eraso matxista izan dira Bidasoan. Horren harira, Itaia Bidasoako kide Irene Gorrotxategik gutuna bidali du HITZAra. Jarraian, hitzez hitz, hark esandakoak:
Urgentziazkoa da kaleak hartzea
Azken asteburuan indarkeria matxistaren errealitate latza agerian geratu da eskualdean. Ostiralean Hondarribian eraso matxista kasu bat salatu zen. Larunbatean, berriz, Irunen hainbat emakume sexu esplotazio sare batetik askatuak izan ziren, eta egun horretan bertan, hiriko kiroldegi bateko emakumezkoen aldageletan grabaketak egin zituen gizonezko batek. Hori gutxi balitz, igandean emakume bat itotzen saiatu zen haren bikotekide ohia Irunen.
Euskal Herriko testuinguruan kokatuz gero, egoera are larriagoa da. Izan ere, aurreko astean Zarautzen erailketa matxista bat gertatu zen, aste honetan Iruñean talde bortxaketa bat egon da, eta horretaz gain, Angelun bere erasotzailearengandik ihesi zebilen ama bat atxilotu dute, ondorioz, semea aita erasotzailearengana itzularazi dute.
Matxismoaren kontrako kontzientzia indartzea ezinbesteko lana da, eta Itaiatik, gertakariak salatzeaz gain, egoera honen aurrean antolatzeko beharra azpimarratzen dugu. Nahitaezko eginkizuna da erasotzaileen inpunitateari aurre egin eta indarkeria matxistaren aurka egunero borrokatzea. Are gehiago, matxismoa indartzen ari den honetan, ezin dugu beste aldera begiratu. Honek egoera normalizatzea besterik ez dakar.
Azaroaren 25a, hau da, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna ate joka dugula, urgentziazkoa da kaleak hartzea. Zentzu honetan, Itaiatik hainbat espazio antolatuko ditugu azaroan zehar, indarkeria matxistaren aurkako borroka artikulatzeko helburuarekin.
Eraso orori aurre egin!
Irene Gorrotxategi. Itaia Bidasoaren izenean.

