Gutuna: "Benetan uste duzue gizartea alda daitekeela?"
Paul Estonbak honako iritzia bidali du HITZAra, Bidasoko Kontseilu Sozialistaren izenean. Jarraian, hitzez hitz, haren gogoeta:
«Benetan uste duzue gizartea alda daitekeela?». Galdera horixe egin zigun pasa den egunean komisaldegiko ertzainak, Langileon Eguneko ekitaldirako baimena eskatzera joan ginenean. Alde batera utziz zeinen ironikoa den ordena sozial burgesa mantentzea ogibide duenak galdera hori egitea, zinez aproposa den galdera bat da.
Izan ere, ziur nago inkesta batean galdetuz gero, gehienon erantzuna gizartearen arazoei irtenbidea ematea «zaila» ala «ezinezkoa» izango litzatekeela. Aspaldi galdu da gizarte eredu berri baten zerumuga, kulturalki eta politikoki kapitalismoa gizarte-eredu bakar bezala onartua dago; edo ezinbesteko gaitz gisa. Sozialismoa desagertu egin da alternatiba gisa, bereziki XX. mendeko mugimendu komunistaren porrot historikoaz geroztik. Sinesgarriagoak zaizkigu film distopikoetako etorkizun ilunak, alternatiba politiko itxaropentsuak baino.
Hain zuzen horrexegatik egin dugu dei Mugimendu Sozialistatik Maiatzaren Lehenean mobilizatzeko: sozialismoa gaurkotasunezko programa politikoa dela aldarrikatzeko, ez iraganeko iraultzak nostalgiaz oroitu eta izaera politikoa baino folklorikoagoa duen ekitaldi anakronikoa egiteko.
Krisi kapitalista garaian sozialismoa eraikitzen da Kontseilu Sozialiston aurtengo leloa. Langileon egungo egoeraz hitz egiteko, ezinbestekoa dugu krisialdiaz hitz egitea: bizitzaren garestitzea, askatasun politikoen urraketa eta errepresioa, langabezia, aldi baterako lanaldiak, soldata baxuak, eta abar. Badago gizateria kapital metaketaren logikatik at antolatzerik, eta ez naiz sozialdemokraziak eskaintzen dizkigun ogi apurrez ari: 20 zentimoko beherapena erregaietan, babes ofizialeko etxebizitza gehiago ala gutxiago udal-aurrekontuak onartzearen truk, lan-erreformaren eguneraketa… Ongizate-estatua krisian dago, eta ez da gai marko kapitalistaren barruan orain arteko bizi-ereduari eusteko. Sozialismoaren eraikuntza ekonomikoaren bitartez ekarri dezakegu guztion ongizatea, gure eskura dauden baliabide guztiak horretarako erabiliz.
Horregatik, Langileon Egunean, maiatzaren batean, Bidasoko Kontseilu Sozialistak ekitaldi politiko bat burutuko du 17:30ean Irungo Zabaltza plazan. Dei egiten diogu Irun eta Hondarribiko jendeari bertara dadin. Antolakuntzaren eta borrokaren bitartez lortu ditu proletalgoak historian bere askatasun eta ongizate kuota handienak, eta soilik antolakuntzaren bitartez izango da posible gizarte eredu komunista eraikitzea.
Paul Estonba. Bidasoko Kontseilu Sozialistaren izenean.