GUTUNA: 'Amute-Jaitzubia bidegorriaren inaugurazioa dela eta'
Balazta elkarteak sentsazio gazi-gozoa du Gipuzkoako Foru Aldundiak Amute eta Jaitzubiaren artean egin berri duen bidegorriaren aurrean, zeina Baiona, Donostia eta Iruñea bidegorriz elkartu nahi duen Ederbidea egitasmoaren barruan baitago.
Egia da gure hiriko bidegorri sarea beste 1.385 metrotan handitzea berri ona dela, baina zoritxarrez zati horrek ez du orain arte Ederbideak ekimenean burututako beste zatiekin inolako loturarik eta, are gehiago, ez dago proiektuaren jarraipenaren arrastorik, ez inolako aurrekonturik, ez eta burutze epeen zehaztapenik.
Obra honek, gainera, ez du lehentasunik eskualdeko bizikleta erabiltzaileentzat. Izan ere, Irun, Hondarribia eta Hendaiaren arteko lotura askoz ere interesgarriagoa eta premiazkoagoa da gizartearen ikuspegitik. Balazta elkarte honek behin eta berriro eskatu izan du konponbide bat Mendelu-Amute bide zatiarentzat, Irun eta Hondarribiaren arteko lotura nagusi eta naturalena izateaz gain, segurtasun gutxiko bidea baita ohiko bizikleta erabiltzaileentzat edo ikastetxera bizikletaz modu seguruan joan nahi duten ikasleentzat.
Azken hamarkadetan azpiegitura proiektu bat baino gehiago idatzi izan dira eremu horren inguruan (Txingudiko plan zuzentzailea, Hondarribiko hiri antolamenduko plan orokorra) baina administrazioen arteko koordinazio eta borondate faltak ez du egoera konpontzen utzi. Nahi genuke, ordea, bihartik aurrera Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hondarribia, Irun eta Hendaiako Udalek elkarrekin lan eginda, bizikleta bidezko mugikortasunak duen arazo larri honi erantzun egoki bat emango baliote, epe motzean eta denek batera, eta ez, orain arte bezala, nor bere aldetik.
Balazta elkartea.