Errespetatzen dut
DENA DEN
Irungo Udalak inbertsioño bat egin berri du kanpaina batean. Kanpaina xumea, eskuorrien kalitateari erreparatuta, bitan tolestutako DIN A4 zuri-beltzek Lakaxitan egindakoak diruditen neurrian. Errespetatzen dut goiburu, erdian txirrindulari bat. Azpian, hiriko edozein kanpainaren aterki izan daitekeen Irun gizalegez dagoeneko mitikoa, gaztelaniaz hitz-joko errazegia uzten duena. Horren ondoan, eskuliburuko sasi-silogismoa: «Irungoa naiz. Arduratsua naiz».
Barruko testuaren planteamendua bitxia da; txirrindulariari apriorizko jokabide desegokia egozten zaio, eta berezko dituen arau-urratzeak nola saihestu behar dituen argitzen zaio, debeku eta obligazio, bata bestearen atzetik. Dena zigor-mehatxu, dena ohartarazpen, dena polizia. Eta bai, nire baitan daude biak, zapaltzailea eta zapaldua, eta txirrindulariak ere zapal dezake oinezkoa, baina ez dut uste txirrinda zapaltzaile denik ezein bideren gainean, lasai joanez gero.
«Txirrindulariek nahi dutena egiten dute errepidean», entzun izan dut, eta behin ikusitako arau-urratze baten kontakizunak segitu ohi dio purrustadari. Jendeak pentsatuko du auto gidariek beti errespetatzen dutela, esaterako, txirrindulariak aurreratzeko metro eta erdiko tartea, ezta? Ja! Gehiegizko abiadura, elbarrientzako gunean aparkatzea, keinukaririk batere ez erabiltzea, mugikorrean hitz egitea (edo idaztea!), kontu horiek, beste egun baterako utziko ditugu.
Bada, txirrindularien gaineko uste hedatu baina oker horiek zuzendu beharrean, haiekin bat egiten du Irungo Udalak, hauspotu ere bai, populismorik makurrenaren erabiltzaile. Noiz egin zuen Irungo Udalak azken kanpaina jendea lanera txirrindan joatera animatuz? Lanera, edo erosketak egitera, edo kafe bat hartzera, edo liburutegira, berdin zait. Alfonbra gorririk ez dugu espero, bidegorri sare majo batekin konformatzen gara… Eta juzkatuak ez izatearekin, eskatzen hasita.
Autoan ere ibiltzen naiz, eta enbarazu egiten didate txirrindek errepidearen erdi-erditik doazenean, ezin aurreratu ditudanean. Zer esanik ez bi txirrindulari hitz eta pitz ari direnean bata bestearen ondoan.
Ados, denok eman behar dugu zerbait eta abar, baina eskuorri hau jasotzerakoan jasotzen dudan mezua ez da «nola pozten garen herritarrek bizikleta erabiltzeaz; eskerrak ematen dizkizugu hiria zarataz eta kez ez betetzeagatik; hori bai, mesedez hartu kontuan neurri hauek”»; transmititzen didana gehiago da, nola esan, «aizu, hippie hori, beste leku batzuetan modan jarri delako Irunen ere txirrindan ibiltzea bururatzen bazaizu, jakizu isuna jarriko dizugula 14 arau hauetako bat hautsiz gero».