Emakumeak arraunean?
Igande arratsaldean, Kai Zaharrean pizten duten sua ikustera joan nintzen. Sua piztu baino ordubete lehenago Hondarribiko Arraun Elkarteen traineru desberdinen aurkezpena egin zuten.
Hara non emakumeen taldea aurkezten duten! Nola da posible? Noiz ikusi da emakume bat arraun egiten? Eta emakume talde bat? Herejeak!
Ez dut ezer ulertzen, arrauna gizonezkoon kirol bat da, gure aiton-amonengandik ikasia, eta beraiek irakatsi ziguten gizonon kirol bat zela, honek ez du esan nahi matxista dela, historia horrelakoa izan da eta gu hemen hori transmititzeko gaude.
Zertara dator orain emakumeak arraunean aritzea? Hau gure tradiziyuak apurtzea da.
Gure Ama Guadalupekoa ez dago honen alde, bera gure tradiziyuak babestearen alde dago, aurreko egunean whatsappez aritu nintzen berekin eta hauxe esan zidan:
‘Mikel ez utzi emakume zikin, libertina horiek arraunean egitea, hori ez da beraien afera, beraiek itsas bazterrean txalotu eta arropa plantxatu berri eta garbiya prestatu behar dute gure gizonontzat. Arraun egin nahi duten emakumeak kanpotarrak ttire ez dira herrikuak.
Beraz, honakoa proposatzen dut: Hondarribiko arraun taldearen emakumeen traineruak arrauna egingo duen estropadetan plastiko beltz bat jartzea. Arraun egiteak tokatuko zaien herrietako malekoietan plastiko beltzak jartzea. Zergatik? Arraunean ez ditugulako nahi, ez gure baimena gabe, ziur gainera traineru barruan doazen erdia baino gehiago kanpotarrak direla.
Plastiko beltzaz gain horren gureak diren eslogan hauek proposatzen ditut:
‘Bigotudas!, Putas!, Zorras!, Kanpotarrak!, A la cocina! Etarras!, Gure baimena gabe ez duzue lortuko!, Ez zaituztegu nahi!‘
Beno, barkatu nik hemen batzuk euskaraz jarri ditut, badakit tradiziyuak mantentzen ditugunon artean euskara ez dela gure indar gunea, baina lasai itzuliko ditut eta horrela indar gehiago emango diegu, eta gainera, honela gure lagun madrildar udatiarrek gure lanean lagunduko digute, haietako batzuekin hitz egin dut eta beti bezala gu babesteko jarrera erakutsi didate.
Berriki ere enteratu naiz Hondarribin emakumeen futbol taldeak, saskibaloi taldeak eta abar daudela, baina nola da posible? Emakumeak sukaldatzeko eta gizonak laguntzeko daude, noiz ikusi duzue emakume bat futbolean, saskibaloian, arraunean?
Gizarteak bide okerra hartu du, berdintasunak inpernura garamatza, hau ekiditeko Betiko Kirolaren Aldeko fundaziyua eratzea erabaki dut, honetarako, noski, udaletxearen babes osoa dut. Dena lotua dut, beraz, orain zuen laguntza eskatzen dizuet guztion artean betiko kirolaren alde egiteko.
Gora Betiko Kirolaren Aldeko fundaziyua!
Gora Ama Guadalupekoa! (bere whatsappa nahi izanez gero esan eta bidaliko dizuet)
P.D.: Lasai, irakurle, hau guztia txantxa bat zen, baina tamalez gure herriko jaietan Jaizkibel konpainiak urtero jasan behar izaten ditu honelako hitzak eta honelako argudioak. Tristeena da udalean ordezkaritza duten talde politiko ia guztien laguntza izan dutela alarde baztertzailea sustengatzen dutenek. EAJk, Abotsanitzek eta PSEk (eta PP azkeneko hauteskundeak arte) alarde baztertzailea sustengatzen dute maila batean hala bestean; nola? Harrera egiten hau guztia justifikatzen duen alarde pribatu baztertzaile bati, kaleak okupatzen uzten eta gertatzen diren astakeri guztiak babesten. 2019. urtean egonda, tristea da talde politiko bakarra izatea urte guztian zehar berdintasunaren alde egiten duena Hondarribiko udaletxean, eta hauxe EH Bildu da.
Pegatina zoragarri eta historiko hark esaten zuen bezala: Maite ditut emakumeak, etxean, lanean, kirolean, ohean, elkarteetan… eta alardean!
Mikel Estonba Zeberio