Gutuna: "2019ko Ostiral Santua urte luzetan izandako bereziena izan zen Hondarribian"
‘Sehi batek ezin ditzake bi nagusi zerbitza; zeren higuinduko du bat, eta maitatuko bestea; edo goratuko du bat, eta arbuiatuko bestea. Ezin dezakezue zerbitza Jainkoa eta dirua.’ [Lukas 16:13]
Data bereziak ditugu Aste Santukoak; ezin hobeak Hondarribiko Gaztetxearen eta Elizaren artean gertatutakoa gogora ekarri eta, bide batez, Elizaren fede txarra azpimarratzeko. Gatazka zehatz honen inguruan zabaldu den azken berria da parrokiak 3.994 euro eskatzen dizkiola Hondarribiko Gaztetxeko Asanbladari Egiluz Jauregiaren okupazioaren harira izandako epaiketa kostuak direla eta. Zein da ba gatazka honen testuingurua?
Askok jakingo duten moduan, 2019ko Ostiral Santua urte luzetan izandako bereziena izan zen Hondarribian. Ez zen inongo miraririk gertatu, baina herriko gazte batzuk Elizak hamabost urtez abandonaturik eduki zuen eraikinean sartu ginen, Egiluz Jauregian, interes kulturaleko monumentu historiko zaharkitu eta zikin hartan. Jauregiaren ateak irekitzearekin batera, etorkizun hobe bat antolatzeko aukerari ireki genizkion ateak; gure bizitzak ardazten dituzten errutina, monotonia eta noraezarekin hautsiz. Espazio hura zabortegi izateari utzi eta funtzio sozialak bete zitzan egokitu genuen -gazte piloa elkartu zituen bertan egindako lan mardulak-. Eta hala hasi zen Gaztetxearen historia laburra. Esperientzia onuragarriz beteriko ibilbidea egin genuen (hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak, Gazte Eguna… jardueraz jarduera jende piloa pasa zen bertatik), baina urtebete baino gutxiagoan amaitu zen; ez gure borondatez, poliziaren indarrez baizik. Elizak, 2020ko martxoan, legedia eskutan, ‘bere’ izendatzen zuen espazioa berreskuratu zuen. Fatxadako kristalak, ateak eta barnealdea hautsi zituzten, dena hormatuta utzi zuten inor sar ez zedin. Urtebete beranduago berdin-berdin jarraitzen du.
Hala ere, gatazka hau ez da jabe partikular honen apeta izan. Elizak beste edozein jaberen jokabidea izan du. Behin asanbleako kide batzuen eta Elizako kideen artean izandako elkarrizketa batean zintzoki azaldu ziguten gure beharrizanak, gure proiektuak, gure arrazoiketak, ez zitzaizkiela batere axola, haiek dirua besterik ez zutela nahi. Guk, aldiz, hain zuzen ere, okupaziora jo bagenuen, gaitasun ekonomiko faltagatik izan zen, besteak beste. Poltsikoak betetzeko aukera hori galduta ikusi zuten momentuan bertan, ez zuten zalantzarik eduki. Aspaldian gure herrian ikusi dugun operazio polizialik handiena mobilizatu zuten egun hartan, bertatik jendea indarrez bota eta eraikina berriz usteltzen uzteko. Horrekin nahikoa ez eta, gertaera hartatik dirua ateratzeko aukera ikusi dutenean, behar beste esfortzu egin dute guri dirua kentzeko, prozedura judizialak eskaintzen zizkien aukerak baliatuz. Hemen azaleratzen da eraikin hau, ondasun higiezin hau, beste edozein bezala, aberastasun iturri dela jabearentzat, eta horrexegatik erreklamatzen duela beraren gaineko kontrola. Berdin du hutsa edo beteta, zahar edo berri: espazioari bestelako errentagarritasunik ateratzeko aukera azalduko zaien egunean ikusiko ditugu berriz Egiluz Jauregiaren ateak irekiak, edo erortzen den egunean akaso, ikusiko dugu etekina hondakinen artetik burua ateratzen. Horregatik, gatazkaren funtsa ez da eraikin horri zer erabilera zehatz ematen zaion, baizik eta zeinen eskuetan dagoen eta zertarako baliatu dezakeen. Zeinek du jabetza, zeinek du kontrola? Hor dago gatazka. Haiek dira legez jabe eta, esan ohi den moduan, legearen aurrean denok gara berdinak; baina legeak betetzeko baldintza desberdinetan gaude, eta hor dago koska. Elkarrekin sozializatzeko aukerak geroz eta murritzagoak diren honetan (gaurko testuinguruan, legez debekatuak), badira ez etxe propiorik, ez lanik, ez dirurik, ezta etorkizun garbirik ere ez duten gazte langileak, desjabetuak; eta, kontrara, badira jauregien jabeak, monumentu historikoak soberan dituztenak eta usteltzen uzten dituztenak. Eta denok bete behar ditugu lege berberak, Indartsuenaren Legeak. Hauen aurrean gara denok berdin. Jauregia okupatzearekin batera, legearekin ere hautsi genuen: legeak biolentziaren forma idatzia besterik ez baitira.
Esan dugunaren arabera, beraz, ez da inondik inora harritzekoa Elizak hartu duen jarrera. Hauek kristautasunaren buruzagi izateak euren hipokrisia besterik ez du azaleratzen (beste behin ere). ‘Moral kristauak’ mendeetan zehar eta gaurdaino definitu du ongiaren ulerkera orokortua: txiroenei laguntza eskaini, miserableen alde lerratu, bekatuak barkatu eta erruki izan. Kristo Salbatzailearen doktrina jarraitu. Baina jakin badakigu engainu eta lapurreta sistematikotik erreproduzitu izan dutela euren boterea historian zehar. Hitako artzipresteak berak XIV. mendean esan zuen: “Diru franko dagoen lekuan bedeinkapen ugari ere dago”. Auskalo nola bukatu zuen Egiluz Jauregiak euren eskuetan.
Hondarribiko parrokiaren ordezkaritza lanak egin zituzten elizgizonek, kristau on horiek, behin aurpegiratu ziguten guk ez genuela txiroen aldeko lan hori egiten eta haiek Caritas-en zerbitzuak eskaintzeko bideratuko zutela jauregia. Gezur hura ez genuen irentsi baina lehen akusazio horren aurrean guk diogu, alde batetik, asistentzia lanak egin egin genituela, adibidez, Irungo Harrera Sarearekin elkarlanean; eta bestetik (hau da garrantzitsuena), karitatea eta asistentzialismoa ez direla gure lan-filosofia, “mundua ez baita era horretan aldatzen”, Bertolt Brechtek zioen moduan. Pobreen alde lerratzea, ezinbestean, pobreziaren aurka egitea da: zuek pobreen alde zaudete, gu pobreziaren kontra. Langile antolakuntza independentea da gure salbaziorako tresna. Errezoek ez dute inor salbatuko, gu geu gara salbatzaile posible bakarra.
“Karitatearen aurrean, elkartasuna”, diogu guk, baina ez alferrik ahoskaturiko aldarri hutsal gisa. Ez da erantzunaren esperantzarik gabe bidaltzen den mezu bat gurea: gurea elkartasun antolatua da. Okupazioaren abiapuntutik eraikitako proiektuetan hain ohikoak diren porrot irudiekin amaitzea eginbehar bat da aurrera egin nahi badugu eta, duela bi asteko kanpainaren aurkezpen bideoan esan bezala, aurrera egiteko perspektibak ekarri gaitu honaino. Hori posible izateko gure eskura ditugun indar guztiak elkartu behar ditugu nahitaez, herri bakar bateko asanblea bakar batek ezin baitu, oro har, berak bakarrik, gose hau ase. Gaur guri agertu zaigun egoera zailari crowdfounding batekin erantzun diogu, eta bi aste baino gutxiagoko denbora tartean isun neurrigabearen erdia baino gehiago bildu dugu gure proiektuarekin bat egin dutenen ekarpenari esker. Baina elkartasunaren printzipio honi jarraiki, orain egiten ari garen lanaren lorpenetik eratorriko den etorkizunean, esperientzia eta indarra metatuz joan ahala, orduan eta erraztasun handiagoarekin egingo diegu aurre halako egoerei, harik eta halako egoerak ekiditeko gai izango garen arte. Bestela bakardadean murgildu eta itoko ginateke. Hausnarketa honen izen abizenak Erraki eta Erresistentzia Kutxa Nazionala dira, langile kontrolpeko guneen biziraupena egi bilakatzeko anbiziotik jaioak. Gure ibilbidean zehar lehen momentutik azken momenturaino gure ondoan edo, hobe esanda, gure baitan izan dugu Errakiren babesa. Hori baita babes sare baten parte izatea: baten lana guztiona da, eta guztion lana batena. Eta, hain zuzen ere, horregatik diogu “elkartasun antolatua”, eta ez karitatea.
Aitortzen ditugu, beraz, gure bekatu guztiak, barkamenik eskatu gabe, inongo damurik gabe. Ez gabiltza ezeren eske. Gurea dena hartu egingo dugu. Kenduko diegu. Jabetuko gara. Azken Epaiaren egunean ebatziko dugu lehia. Errukirik ez, Jauna.