Gutuna: "Hondarribia eta berdintasuna. Bi hitz eta bi errealitate"
Bateren batzuk kantatzen dutenez: 'Honddarbi es tan pequeño que no se ve en el mapa...' Berdintasunaren mapan, bederen, Hondarribia ez da agertzen.
Hondarribia eta berdintasuna. Bi hitz eta bi errealitate. Azken urteetan errezeloz begiratzen du batak bestea. Eta errezelo guztien gainetik guztiona dena kudeatzen dugunok egon beharko genuke, instituzioak alegia. 10.000 biztanletik gora dituen bi herri daude berdintasun egiturarik gabe Gipuzkoan, Lasarte–Oria eta Hondarribia eta Hondarribitik Lasartera udaletxez udaletxe joango bagina, berdintasun arduradun batekin biltzeko aukera edukiko genuke herri guztietan.
Bateren batzuk kantatzen dutenez: Honddarbi es tan pequeño que no se ve en el mapa… Berdintasunaren mapan, bederen, Hondarribia ez da agertzen. Irla bat gara berdintasunaren antolakuntza instituzional ezan. Azken hilabetetan Emeki emakume elkarteak kale izendegiaren inguruan egin duen lanari jarraiki, herriko kale izendegian emakumeak txertatzen ari gara pixkanaka. Eskerrak horrelako elkarteak ere baditugun herrian, haiek gabe jai genuke udal honekin. Eta nork kudeatzen du kale izendegiaren lanketa guzti hau? Ba herritarren gizarte babeserako alor buruak. Eskertzekoa da berak erakusten duen prestutasuna, baina, sail eta teknikari propioa izango bagenu, gure udaletxea XXI. mendeko erronkei erantzuteko erneago egongo litzateke:
- Gizarte zerbitzuetara iristen diren emakumeei orientazio zehatza eskaintzeko.
- Herrian kanpaina bereziak egiteko.
- Berdintasun plana aurrera eramateko.
- Sinbolikoak diren eta garrantzia duten aldaketak egiteko (kale izendegia…).
- Herriko emakume elkarteekin lankidetzan aritzeko.
Udal honek gabezia asko ditu, baina, batzuk lehentasuna dute besteen gainetik eta EH Bilduren ustez gabezien zerrendan berdintasunarena lehenbailehen konpondu beharrekoa da. Berdintasunaren mapa osatu behar dugu ahalik eta azkarren.