Beñat Elosegi Ortiz de Zarate: "Viva Rusia!"
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Beñat Elosegi Ortiz de Zaratek bertso sorta egin du. Honakoak dira hark egindakoak: Pilar Valles Vicuña eta Mercedes Lopez Cotareloren omenez egindako sorta da. Pikoketan fusilatu zituzten indar faxistek 1936ko abuztuaren 11n.
“Viva Rusia!
Doinua: ‘Haurtxo txikia negarrez dago’
1.
«Viva Rusia!» oihukatuta
ondoren deskarga hotsa
gure gorputzak erori dira
lorea zena hilotza
izadi justu bat nahi genuen
ez tiranoen morrontza
lur heze honek eskaini digu
berrogei urtez ehortza.
2.
«Salbazioa» agindu digu
aurrez euren kapilauak
damua eta barka eskea
ez dira gure arauak
erruki pixkat izango balu
pareko sasi kristauak
haren graziaz estali gaitu
berrogei urteko gauak.
3.
Kolpeka bortxaz horman gaituzte
ilaran zuzen ordena
zaunkaka zakar aritu zaigu
aurrean kargu gorena
sena irentsiz sumatu dugu
zein den gure ondorena
merezi gabe jasoko dugu
epai gabeko kondena.
4.
Lanbroak goiza estali digu
lausotuz zenbait kolore
ustekabean tiroka gogor
pare bat metrailadore
astirik ere ez dugu izan
guk emateko amore
lagun kuadrila gazte tartean
heldu gabeko bi lore.
5.
Pikoketako pago bustian
kantari bi txantxangorri
ote arteko baserri eder
iratze eta elorri
adore biziz gazteok gara
defendatzera etorri
nabari gabe datozkigula
berrogeina negu gorri.
6.
Lurrazpitara makurrarazi
gaituzte bortxaren legez
egin dutena denborarekin
denok ahazteko xedez.
Oroimenean babes gaitzazue
gogoan izan mesedez
zutik hildako guztiak eta
gu, Pilar eta Mercedes.
7.
Laino arteko laritz oinetan
goroldio eta txilar
lili ongarri bihurtzeko prest
gure azal eta gihar
hezurrek kanta bezate gero
zer nahi genukeen bihar
zuen gogoan bizi gaitezen
gu, Mercedes eta Pilar.