OLIBONDOAREN GERIZPEAN
Onartuko dut, izpiritu sanmartzialeroa oso neurea ez dudan arren, pena puntutxoa eman didala ikusteak nola pasa zaigun aurten irundarrismoaren hilabete gorena. Lehen asteetako in crescendoa, San Joan suarekin pizten den metxa, eta 30ean lehertzen den katarsia, horixe izaten da ekaineko menua Irunen. Eta urrutitik bada ere, gustatzen zait herrikideen pozaren eta parrandaren berri izatea.
Badakit saiakerak izan direla ekaineko azken aste berezi horri nolabaiteko ospakizun punttua emateko. Online ekitaldiak, Youtube bidezko emanaldiak, ziberospakizunak … zinez saiatu da zenbait jende egun horiei kolore pixka bat ematen, eta jaso dezatela hemendik esker ona hartutako lanengatik. Aurtengoan baina, bistan denez, erdipurdikoa joan da ekaina Umore Onaren Hirian.
Eta halatsu dator uztaila Lur Saindura ere. Izan ere, hainbat hamarkadatan zehar bulldozer eta porlanez lapurtutako lurrak anexionatzera dator Ekialde Hurbileko Demokrazia Makarra.
Ekin niezaioke hausnarketa apokaliptikoak egiteari gertaera honek ekar ditzakeen ondorioen inguruan. Espekula nezake, enegarren umiliazioaren aurrean, nola erreakzionatuko ote duen kolektiboki herri zapalduak. Ala onar nezake lur horiek jadanik de facto anexionatuta daudela, eta herri zapaldu horrek kezka handiagoa izan dezakeela koronabirusaren bigarren olatuarekin edo hurrengo soldata noiz kobratuko. Baina ziurrenik hobe nuke isilik gelditu. Nahikoa delako balizko III. Intifadaren inguruko profeziak egitea finean deus ere ez gertatzeko. Edo ezer askorik gertatuko ez dela baieztatzea Tel Aviven 50 kohete erortzeko eta Gazako hesian beste hainbeste palestinar akabatzeko.
Friboloa litzateke irundarron eta palestinarren minak alderatzea. Baina lizentziatxoa hartuko dut esateko biek ala biek dugula gure muturrean aurrean gurea den hori ebatsi zaigunaren sentimendu garratza. Birus malapartatu batek berekin eraman du urteroko ekaineko liturgia Irunen, eta bere arrakastaz mozkortutako ideologia arrazista, fanatiko eta harroputzak lapurtu die duintasuna palestinarrei.
Badago aldea, baina, batzuon eta besteen etorkizunerako begiradan. Irundarroi 2021eko ekainerako koronabirusaren amesgaiztoa bere onera etortzearen esperantza geratzen zaigu gutxienez, aurtengoa bizitzan behineko gertaera horietako bat izatea. Palestinarrek, aldiz, esan ohi dute 70 urte daramatela zain eta betiko zain egotea besterik ez zaiela gelditzen.
Uztailak lehen eguna du zutabe hau idazten ari naizen honetan. Irungo Moskuko plazan ganadu feriak eta gaupaseroen azken dantzak behar zuketen ondobidean. Anexioaren D eguna ere bada Lur Sainduan, baina gaur ere ikusi ditut langile palestinarrak CAFen tranbiako obretan jo eta ke lanean.
Betiko zain dauden horientzat izan dadila itxaronaldia espero baino labur eta gozoagoa. Eta joan berri den ekain motelaren penatan zaudeten herrikideoi, animo! Ea badugun datorren urtean jaiak ospatzeko paradarik merezi bezala, eta ez betiko moduan.