Beñat Aizpurua Vazquez irundarra Boliviako Potosi hirian dago. Bertan, meatzeen errealitatea ezagutarazteko, testu bat idatzi du.
Potosi hiria.
Beñat Aizpurua Vazquez irundarra Boliviako Potosi hirian dago. Bertan, argazkiak ateratzeaz gain, hiriaren eta meatzeen inguruko testu bat idatzi du, Boliviako errealiatea plazaratzeko. Hona hemen, hitzez-hitz, Aizpuruak idatzitako testua:
“Lurrak zeruarekin bat egiten duen puntuan kosta egiten da arnasa hartzea. Itsas mailatik 4000m pasatxora dago Potosi, inguruko lur lehor baina aberatsen artean. Hiri erdiguneko eraikinek kolonia garaira bidaiatzen laguntzen duten arren, bozina-hotsek eta jendearen mugimenduak XXI. mendeko hirian gaudela gogorarazten digute. Duela bost mende inguru, munduko hiririk handi eta aberatsenetarikoa zena, gaur egun, nahiz eta biztanleriak bere horretan jarraitzen duen, hemen ez dago handikerietarako astirik. Espainiarrek haiekin batera eraman zituzten hemengo altxorrik preziatuenak, baina oraindik ere, bertakoek Sumaq Urqu edo Mendi Ederra ustiatzen jarraitzen dute eguneko 80 peso boliviar ingururen truke. Hau da, hutsaren hurrengoa, 10en bat €.
Beharrak agintzen jarraitzen du eta zer jatekorik ez duenak bertan aurkitzen du lurpera azkar batean eramango duen irtenbidea. Langileek lurrazpiko baldintza txarrei aurre egiteko ohiko zigarro eta koka-hostoez gain, 96°ko alkohola edaten dute Pachamama edo Ama-lurrarekin partekatzen duten bitartean. Bi langile motek egiten dute lan meategian: lehena harria zulatzeaz arduratzen da, lanik gogor eta arriskutsuenaz. Pentsa, zein den beharra eta zein lan-baldintza, hogeita hamabost urteko bizi-iraupena besterik ez baitute. Gainontzeko langileek dinamitaren laguntzaz lehertzen dute harria, harribitxia delakoa aurkitzearren. Hauek, hirurogei urte inguru bizitzera iristen dira. Beti ere, beharrak behartuta, zortzi urte ingururekin semea eramaten dute meatzera lanera, inguruarekin ohitu eta etorkizun laburrean jasan beharko dutena ikasten has daitezen.
Ameriketako goi-lur hauetan ikusitakoak sinesgaitza dirudien arren, hezur eta azalekoa da dena, gogorra bezain benetakoa”.
Beñat Aizpurua Vazquez (2017ko irailaren 25a).
Potosi hiriko mehategia.
Boliviako Potosi hiriko irudia.
Meategiaren beste irudi bat.