Korri, Xalto eta Brinko pailazoek ‘Dantzan’ lan berria argitaratu dute. Diskoa osatzen duten hamar kanta dantzagarriak etxean aurkeztuko dituzte, Bekoerrotan, hilaren 28an egingo duten emanaldian. Korri, Xalto eta Brinkok bigarren diskoa argitaratu dute. Aurreko Kantari diskotik bederatzi urtera heldu da Dantzan lana, «elkarlanaren emaitza gisa», Mikel Susperregik azaldu duen moduan. Izan ere, Usurbilgo Ganbarakada taldearekin batera grabatu dute azken lana Lezoko hiru sudurgorriek: «Herriko musika eskolako irakasle Joxan Anduagak egin ditu musika moldaketak, eta berak jarri gintuen harremanetan Usurbilgo taldearekin, bertako musika eskolan ere klaseak ematen dituelako. Ganbarakoak bertatik pasatutako musikariak dira». Hamar kantu bildu dituzte, «belarritik erraz sartzen diren horietakoak», bazterrak dantzan jartzea helburu duen lanean, eta askotariko estiloak landu dituzte. Hiru txoro dantza ere txertatu dituztela nabarmendu du, oholtza gainean Xalto bihurtzen den Susperregik. Horien adibide gisa jarri du diskoko hirugarren abestia, Barizela. Diskoarekin, euskarazko produktu polita eta freskoa eskaini nahi izan dutela zehaztu du, bestalde, Susperregik: «Gure helburua ez da negozioa egitea, taldea bizirik dagoela erakustea baizik». Lan berria aurkezteko, berriz, Lezo eta Usurbil aukeratu dituzte. Pailazoen etxean estreinakoz egingo dute emanaldia, hilaren 28an, Bekoerrota kiroldegian, 18:00etan. Hurrengo egunean, berriz, Usurbilgo kiroldegian aurkeztuko dute. Ordubeteko saioan, disko berriko kantuak, eta hainbat esketxekin gozatzeko aukera izango dute kiroldegira [...]