Igande honetan Zu ere, On Kixote antzerki parte hartzailea taularatuko dute Zokoburuko Mendi Zolan kulturgunean, 18:00etan. Agerre Teatroa konpainiak eta Imuntzo eta Beloki trikitixa bikoteak sorturiko proiektu parte hartzailea da, herriko kultur elkarteen parte hartzea izan duena. Amicale Laïque elkarteko artista plastikoak, Akelarre taldeko dantzariak, eta Gaztelu Zahar eta Entzun abesbatzetako kantariak ariko dira konpainiako kideekin batera. Emanaldi esklusiboa izango da, Hendaian besterik ez dutena egingo. Agerre Teatroa konpainiatik aurreratu dutenez, Miguel de Cervantesen obra ezagunean oinarrituta dago Zu ere, On Kixote, baina zertzelada esanguratsuen bidez, aurkezten den tokiko historiara egokitu du egileak. Maite Agirre zuzendariak “erronka zoragarria” izan dela aitortu du: “jatorrizko istorioa goitik behera birplanteatu nuen, gaurko irudietatik eta sentsibilitatetik abiatuta”. Agirrek sortutako lanean Sancho Panza eta Teresa Panza dira pertsonaia nagusiak On Kixoterekin batera. Ikus-entzuleek “zaldun ibiltariaren figuran inspiratutako ikuskizuna” izango dute aurrean, “zaldun ameslari, bilatzaile eta erotua tokian tokiko istorioa idazteko aitzakia izan baita”. Txartelak atzo arte izan ziren salgai, baina igandean Mendi Zolanen ere erosteko aukera izango da, ikuskizuna baino lehen. Antolatzaileek garaiz joateko eskatu dute, tokia mugatua delako. Sarrera orokorraren prezioa 8 eurokoa da eta murriztua 5 eurokoa (12 urte arteko haurrak, ikasleak, langabetuak eta minimo sozialak kobratzen dituztenak).
Erromeria Imuntzo eta Belokirekin larunbatean Hondarribiko Zumardian