Gazte Foruak antolatu du, aurrekoaren arrakasta ikusita; 16:30etik aurrera izango da, Doneztebe plazan Apirilean antolatu zuen Gazte Foruak lehenengo Merkatruke azoka. Oso harrera ona izan zuen, eta jendeak berriro egiteko eskatu zien DBHko bi ikastetxeetako ikasleei. Hala, Gazte Foruak bigarren merkatruke azoka antolatu du etzirako. 16:30etik aurrera izango da, Doneztebe plazan. Aurrekoan bezala, helburua truke azoka izatea da: «Dirua alde batera utzi, eta trukea bultzatzea; behar ez duguna uztea, eta behar dugun zerbait hartzea, baina diruaren balioa kontuan hartu gabe». Dagoeneko utz daitezke azokarako gauzak —arropa, liburuak, CDak, patinak, baloiak, gailu elektronikoak…— Gazte Informazio Bulegoan. Mendiburu kalean dago. Informazio gehiago nahi duenak, helbide elektroniko bidez ere eska dezake: gazteinfo@oiartzun.org-era idatzita. Etzi bertan ere eraman ahal izango dira gauzak azokara. Trukerako zerbait uztean, kolore bateko txartel bat emango diote utzi duenari. Material bakoitzari, gaika, kolore bat eman diote gazteek: «Txarteltxo horrekin, merkatruke azokan kolore berdineko edozer gauza hartzeko aukera izango duzue». Hori bai, Merkatrukera eramaten diren gauzek ez dute hautsita egon behar, erabilgarri baizik. Trukatzen ez dena, berriz, behar dutenei banatuko diete Gazte Forukoek. Herritarrei azokan parte hartzeko deia egin diete: «Animatu zaitezte, ea denon artean zerbait polita, interesgarria, beharrezkoa, ezberdina, soziala eta praktikoa egitea lortzen dugun».