Arantza Gonzalez (Beasain, 1964) da Ezker Batua (EB) alderdiaren hautagaia Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusia izateko. Gogor kritikatu du administrazio horren azken lau urteetako jarduna, zerga politikari eta Pasaiaren birgaitzeari dagokionez. EBk, dio Gonzalezek, birgaitzearen alde egingo du, kanpo kairik gabe, zerga politika justuagoa bultzatuko du, eta herritarren parte hartzerako bide berriak bilatuko ditu Azkeneko lau urteak. Zein balorazio egiten duzu Gipuzkoako Foru Aldundiaren jardunari buruz? Azkeneko lau urteetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lanaren ezaugarri nagusia izan da eliteentzako eta diru gehien dutenentzako zerga politika aplikatzea. Horren adibidea da ondare zerga bertan behera utzi izana. Horren ondorioz, Ogasunak urtero 50 milioi euro gutxiago jasotzen ditu. Bestalde, elkarteen zerga ere jaitsi dute. Oso garrantzitsua da gogoraraztea irabaziak dituzten enpresek bakarrik ordaintzen dutela zerga hori, eta hala ere, jaitsi egin dute. Egun, etekinak dituzten enpresek %15 ordaintzen dute zerga hori. Langileok, ordea, %21 ordaintzen dugu. Laburbilduz, Gipuzkoako Foru Aldundiak azken urteetan martxan jarri duen zerga politikaren ondorioz, Ogasunak 300 milioi euro gutxiago jasotzen ditu urtean. Zerga politika guztiz erregresiboa (atzeragarria) izan da, guztiz eskuinekoa eta bakarrik gutxi batzuen onurarako pentsatua, eta, noski, langileen kalterako. Pasaiari dagokionez, zer balorazio egiten duzu? Galdutako lau urte izan dira, Gipuzkoako Foru Aldunditik begiratuta, behintzat. Kanpo kaia izan [...]