EUSKARAREN EGUNA

Hurbilekoa gerturatzeko, euskara

Gero eta gehiago dira sare sozialetan euskarazko edukiak sortzen dituztenak. Haien sare bat sortu da urteotan, eta euskara da denak elkartzen dituena. Erreferente berriak sortu dira, eta pozik hartu ditu horiek Euskal Herriak.

Oarso Bidasoko HITZAren YouTubeko kanalean dgo ikusgai 'Zuena da HITZA' podkasta.Imanol Saiz Gomez de Segura.

Euskarak hartu ditu plazak. Etxeak. Lagunarteak. Bikoteak. Bulegoak. Denean da euskara, baina azken hilabeteetan nabarmen hartu du hizkuntzak beste oholtza bat: sareak. Interneten edukia euskaraz sortzen duten pertsonen kopurua nabarmen hazi da, eta hazten ari da. Orain gutxira arte bizpahiru baino ez ziren izango sareetan edukia euskaraz edota euskara hutsean egiten zutenak, eta hara, Eduki Sortzaileen Eguna ere ospatu zuten atzo bertan Bilbon.

Instagrama, TikTok edota X –lehen Twitter zena– irekita, ohikoa da euskara entzutea eta irakurtzea, eta kontsumitzaileek harrera ezin hobea egin diete horretan buru-belarri lanean ari direnei. Sortzaile askok euren lekua topatu dute, eta ez dute urrunera joan beharrik izan horretarako, ama hizkuntzan aritzea baino ez baitute egin. Eta, noski, edukia kontsumitzen duten askok ere babesguneak bilatu dituzte, behingoan euren gustuko erreferente edota sortzaileekin egin dutelako topo, euskaraz.

Irati Erauskin hondarribiarra berriki hedabide honen Zuena da HITZA podkastean izan da –YouTuben dago ikusgai–, eta kontatu du X bor-borrean zegoen garaitik ari dela edukia sortzen. Espainieraz haren interesekoa zen edukia euskaratu zuen, eta ikustaldi mordoa izan zituen hasperen batean. Orain, batez ere, Instagramen eta TikToken egiten du edukia, eta umorea eta psikologiarekin lotutakoak egiten ditu. “Euskal umorea egiten dut; musika eta estetikarekin, nire alde txoni-arekin asko jolasten dut”. Horren adibide Aristerrazuko erromerietan sortutako ikus-entzunezko materiala.

Alderdi formalago bat ere ikus daiteke Erauskinen kontuetan. “Psikologia ikasketak egin ditut, eta toxikoak diren gauzak seinalatzen ditut, besteak beste, sareetan, eta baita norbere emozioak nola kudeatu irakatsi ere”.

Finean, umorea eta seriotasuna uztartzen ditu hondarribiarrak, eta euskal panoramari begiratuta, pozik da. “Oso beharrezkoa da eduki sakona egitea, baina denetarik egon behar da, eta denetatik hori euskaraz izan behar da. Uste dut lortu dugula gustu guztietako jendearentzat edukia sortzea”, nabarmendu du.

Babesgune bat da euskara
Julen Unanue eduki sortzaileak zenbait hitzordu ditu bolada honetan Oarsoaldean Kuxkuxeroak egitasmoari esker, eta beharrezkotzat jo ditu horiek, euskaraz edukia sortzea funtsezkoa baita haren iritziz gazteen garapenerako. “Gazteen erreferente asko eduki sortzaileak dira, eta gure bideoak euskara erabiltzera bultzatzeko eta euren munduan euskara normalizatzeko balio badute, aurrera”, dio.

Unanueren profilean umorezko bideoak dira nagusi, eta euskaraz dira horiek, nahiz eta beti ez den horrela izan. “Hasieran edukia gaztelaniaz egiten nuen hizkuntza horretan egindakoak kontsumitzen nituelako, baina behin emakume batek parrandan esan zidan oso gaizki egiten nuela bideoak gaztelaniaz igotzen. Zer pentsatua eman zidan horrek, eta iruzkina txarrera hartu beharrean, kasu egitea erabaki nuen”, gehitu du.

Elkarrizketa hark bultzatuta igo zuen euskaraz lehen bideoa, eta “babes handia” izan zuen. “Orduz geroztik sortu dudan euskal komunitatea izugarria da, eta bideoak euskaraz egiteak oztopoak baino erraztasunak ekarri dizkit”. Umoristak argi du euskaraz egingo dituela bideoak “beti”, haren identitatea delako eta oso errespetatua sentitzen delako.

Hausnarketarako tartea ere izan du. “Duela urtebete konturatu nintzen jendea oso gogotsu dagoela euskarazko edukia kontsumitzeko. Euskara oso bizirik dago, eta edukia sortzea pentsatzen ari den hori euskaraz beldurrik gabe sortzera bultzatuko nuke”.

Euskal komunitatea aterpe
Udane Alberdi oiartzuarrak ere hausnarketa baten ondotik erabaki du TikTokeko bideoak euskara hutsean egitea. Gaur egun TikTok dena Musical.ly zen hasieran, 2015aren bueltan, eta «txikitatik» igotzen ditu bideoak hara. “Artisten bizimoduak betidanik eman dit atentzioa, eta grazia egiten zidalako hasi nintzen umorezko bideoak egiten. Orain, ordea, nire egunerokoa jasotzen duten bideoak igotzen ditut jendea entretenitze aldera”.

Alberdiren sareetako lehen aztarnak ere gaztelaniaz izan ziren, ikusten zuelako plataforma horretan gaztelaniaz egindako edukia mugitzen zela, baina pixkanaka jendea euskara erabiltzen hasi zela ikusi, eta euskarari heldu zion. “Nire intentzioa ez da inoiz izan sareekin inora heltzea ezta gaztelania sustatzea ere, justu kontrakoa, eta euskaraz hasi naiz edukia sortzen”.

Jakitun da publikoa nolabait murritza izan daitekeela euskaraz egiteagatik, baina hori ez da oztopo oiartzuarrarentzat: “Nahiago dut ikustaldi gutxiago izan eta nire publiko guztia euskalduna izatea, euskaraz publikatzea normalizatzea baita nire asmoa”, nabarmendu du.

Mugarrieta ganadutegiaren arduradun Ion Areitio hondarribiarra. Hark eramaten ditu hango sare sozialak, eta komunitate oso bat sortu du. 48.000 jarraitzailetik gora ditu gaur egun Instagramen, eta lerro hauek irakurtzen ari den inor horietako bat bada, ziur aldaketarik sumatu duela baserritarraren kontuan. Izan ere, uda honetan “hausnarketa garaia” iritsi zaio, eta kontuari buelta bat eman dio.

Mugarrietaren profilean hasieran bi hizkuntzatan, gaztelaniaz eta euskaraz egiten zuten edukia, baina badaki lehen gaztelania zela nagusi. “Tarteka euskara sartzen nuen, eta aurtengo udatik hona aldaketa bat egin dut. Gehienbat euskaraz jarduten naiz. Bideoak azpititulatzen ditut, baina euskara da nagusi”.

Aldaketa, onerako
Areitiok Hitza-ri azaldu dio atzerriko jarraitzaile asko dituela, eta horietako askok ondo hartu dutela euskarazko edukia sortzea, nahiz eta gaztelaniaz azpititulatuta egon. Pozik da abeltzaina: “Hurbileko jendea erakartzea lortu dut, finean hori baita helburua, hurbileko sare bat sortzea. Atzerriko jende batek profila jarraitzeari utzi dio euskaragatik, eta iruzkin iraingarriak ere jasan ditugu gure hizkuntzaren inguruan, baina aldaketa guretzat oso positiboa izan da”.

Gainerako eduki sortzaileen modura, Areitio sinistuta dago sare sozialak euskara sustatzeko beste bide bat direla. “Berdin komunika naiteke eta berdin adierazten dut nahi dudana. Gainera, euskalduna izanda penagarria litzateke soilik gaztelaniaz jardutea. Euskara dakigunok erabiltzen ez badugu, etorkizunean ez dugu egoera ederra biziko”, hausnartu du. Mugarrietaren profilaren helburua kontsumitzaileari haragi zati baten atzean zein lan eta zein prozesu dagoen kontatzea da, eta horretan jarraituko du aurrerantzean ere, euskaraz.

Alberdi, Areitio, Erauskin eta Unanue euskal eduki sortzaileetako lau baino ez dira, baina euren antzera, dozenaka dira Instagramen eta TikToken daudenak. Gero eta gehiago dira euskara ahoratzen dutenak, eta gero eta gehiago berau pantailaratzen dutenak.

Kirola, kultura, txutxumutxuak, moda, lifestyle delakoa, janaria, umorea… Denentzat dago lekua sareetan, eta dena dago euskaraz. Agian hori da azken boladan euskal eduki sortzaileek izan duten arrakastaren zergatia, Euskal Herriak halakoak eskatzen zituela, euskaraz.

Euskal erreferenteak behar dira, eta horretan ari dira eduki sortzaileak: hausnartzen, barre eginarazten, kulturaz hitz egiten… Garai berrietara egokitu behar dela esaten da, eta sareetan euskaraz sortzea izan daiteke, akaso, hizkuntzaren normalizazioaren bidean eman beharreko pausu bat. Aldaketek beldurra ematen dute, baina onerako diren bitartean, ekin.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.