Zortzi itsas hondakin bilketa bateratu egingo dira larunbatean
Materrek sustatzen duen Itsas Zaintza Sarearen ekimenez, zortzi ekintza bateratu egingo dira Gipuzkoako sei udalerritan, 11:00etan. Horietako bat Irungo Plaiaundin egingo da.
Itsas Zaintza Sarea itsasoaren zaintzan inplikatuta dauden Gipuzkoako 60 eragile baino gehiagok osatzen dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Sailaren laguntzarekin, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak sortutako sareak “itsasoaren kontserbazioa sustatzeko helburua du, inplikatutako eragileen ezagutza, ahalegina eta konpromisoa balioan jarriz”.
Itsas Zaintza Sareak itsas hondakinak biltzeko zortzi ekintza bateratu antolatu ditu larunbaterako (hilaren 28rako) Gipuzkoako sei udalerritan, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan. Itsas hondakinen bilketak Pasaian, Irunen (Plaiaundin), Donostian, Zarautzen, Deban eta Zumaian izango dira, den-denak 11:00etan. Bilketak itsas hondakin metaketa gune estrategikotan gauzatuko direla adierazi du Materrek, Itsas Zaintza Sareko eragileen ezagutzari esker identifikatu direnak.
Sustatzaileek ingurune naturala garbi mantentzeko eta hondakinek ingurumenean duten eraginari buruzko kontzientzia sortzeko baliatu nahi dute igandeko zita. Bide horretan, komunitate osoari luzatu diote itsasoaren kontserbazioaren aldeko ahalegin kolektiboan parte hartzeko gonbidapena. Horrez gain, itsasoaren egoeraz kezkatuta dauden itsas erakundeei dei berezia egin diete, “haien ezagutza ezinbestekoa delakoan kausa honetarako, eta sarean parte hartzeko gonbidatzen zaie”.
Egitasmoak indarrak batu bahi ditu itsasoaren kontserbazioaren alde. Interesa duten pertsonek eta erakundeek Itsas Zaintza Sarearekin jar daitezke harremanetan itsas hondakin bilketa bateratuan parte hartzeko edo sarearen parte izateko: helbide elektronikoaren bidez, 619 81 42 25 telefonoan edo Materren webgunean.

