Endarako urtegiaren maila baxuarengatik, Jaizkibelgo putzuak erabiltzen ari dira ur hornidura bermatzeko

Urtegiaren edukieraren %63an dago gaur-gaurkoz. Oraingoz ura "normaltasunez" iristen da etxeetara, baina Txinzerrek aholkatu du "arduraz" erabiltzeko.

Lehortearen arazoez ohartarazi du Txinzerrek. Txinzer

Txingudiko Zerbitzuak Mankomunitateak ohartarazi du Endarako urtegia %70eko maila azpitik dagoela. Ondorioz, “aurre alerta” egoera aktibatu dute, eta neurriak jarri martxan Irungo eta Hondarribiko herritarrei ur hornidura bermatzeko. Ildo horretan, Jaizkibelgo putzuetan bildutako ura erabiltzen hasi dira. Oraingoz ura “normaltasunez” iristen da etxeetara, baina, halere, Txinzerrek gomendatu du ura “arduraz” erabiltzeko.

Lehorteak eragin nabarmena izan du Endarako urtegian, batez ere udan. Txinzerrek azaldu duenez, ohikoa baino %39 euri gutxiago egin zuen maiatzetik irailera, eta hori agerikoa da orain urtegiari begiratuz gero. Ekainean bere edukiera %99koa zen; bost hilabete geroago, apenas da %63koa. Era berean, Domikoko urtegia hutsik dago lehortea dela eta. Eskualdeko hornidura sistemaren parte da Domikoko urtegia.

Lehortearen ondorioei aurre egiteko, martxan jarri dituzte 2012an Jaizkibelen eraikitako putzuak. Lehorte garaietan herrietako ur hornidura bermatzeko eraiki ziren, Endarako urtegiaren menpe ez egoteko. Lehen aldia da Irungo eta Hondarribiko herritarrak urez hornitzeko erabiltzen dituztela. “Gaur, putzuei eta Jaizkibelgo iturburuei esker, herritarrak urez hornitu ditzakegu Endara-k ur gutxiago aterata, eta horrela erreserbek luzaroago irauten dute. Uraren kudeaketan aurrea hartu behar da”, adierazi du Cristina Laborda Irungo alkateak.

Une honetan, Jaizkibelek bi herrietara iristen den uraren erdia baino gehiago ematen du. Azaldu dutenez, putzuengatik ez balitz, Endarako urtegia bere edukieraren erdiaren azpitik egongo litzateke. “Endarak bere kabuz hornitu beharko balitu Irun eta Hondarribia, orain duen urarekin eta sartzen zaionarekin, 132 egun ingururako ura izango luke. Jaizkibelek egun egiten duen ekarpenarekin, epe hori 217 egun ingurura luzatzen da, ia zazpi hilabetera”, azaldu du Leire Zubitur Txinzerreko kudeatzaileak.

Kontsumoa murriztu

2020az geroztik, Txinzerrek Lehorte Egoeretarako Larrialdi Plana du, lehortearen ondoriok arindu eta herritarren ur hornidura bermatzeko. Planak lau egoera bereizten ditu: normaltasuna, aurre alerta, alerta eta larrialdia. Une honetan, Endarako urtegiarengatik, aurre alerta egoera aktibatu dute.

Ez da muturreko egoera, baina uraren kontsumoa jaistea aholkatu dute. Mankomunitatearen arabera, Irun eta Hondarribiko herritar bakoitzak 113 litro ur  kontsumitzen ditu. Aitzitik, 90 eta 100 litroren artean dago kontsumo arduratsuaren langa. Honakoak gomendatu dituzte kontsumoa jaisteko:

  • Bainuaren ordez, dutxatu.
  • Itxi txorrota hortzak edo ontziak garbitzerakoan, baita bizarra mozterakoan ere.
  • Garbigailuak beteta daudenean bakarrik jarri.
  • Konpondu ur ihesak.

“Datozen asteetan ohikoa adina euri egiten badu, urtegia pixkanaka berreskuratzen joango da, baina oraingoz zuhurtziaz jokatu behar dugu”, azaldu du Igor Enparan Txingudiko Zerbitzu Mankomunitateko presidenteorde eta Hondarribiko alkateak. Datozen hilabeteetan egoera hobetzen ez bada, neurri berriak hartuko dituztela jakinarazi dute.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.