Bidasoko Asanblada Feministak A25ean elkarretaratzeko deia egin du
'Faxismoaren aurrean, feminismoa' lelopean, elkarretaratzeak egingo dituzte Hondarribian eta Irunen. Hondarribian 18:00etan elkartuko dira, eta Irunen, berriz, 19:30ean.
Urte hasieran, Bidasoko Asanblada Feministak eginiko elkarretaratze bat, Irungo San Juan plazan. Urko Iridoy Alzelai M8 Bidasoko Asanblada Feministak elkarretaratzeak antolatu ditu datorren asteazkenerako, azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira. Faxismoaren aurrean, feminismoa lelopean, arratsalderako egin dituzte deialdiak. Hondarribian 18:00etan elkartuko dira, Martxoak 8ko plazan. Irunen, berriz, 19:30ean, Luis Mariano lorategietan.
Elkarretaratzeetan “performance aldarrikatzaileak” egingo dituzte, eta elkartasun oihu bat helaraztea asmo dute, “[Indarkeria matxistaren] gaitza jasan duten, jasaten duten eta (ez dadila hala izan) jasango duten emakume guztiei babes osoa” erakusteko. “Elkarrekin indartsuagoak garela gogorarazi nahi dugu”, adierazi du asanbladak.
Elkartasuna helarazteaz gain, egungo testuinguruarekin lotuko dituzte aurtengo mobilizazioak. Hauteskunde kanpaina dela aprobetxatuta, memoria historikoa aldarrikatu eta gorroto diskurtsoak arbuiatuko dituzte. “Gorroto-diskurtsoen eta eskubideen atzerapausoen aurrean, gure erantzuna argia da : pausorik ere ez atzera!”, aldarrikatu dute.
Herritarrak animatu dituzte elkarretaratzean parte hartzera, plazak “duintasunez eta erresistentziaz” betetzeko.

