CBAko Artoteka artelanak mailegatzeko zerbitzua martxan dago berriro
Artelanak sei hilabetez maileguan hartzeko zerbitzua da. Ostegunetan dago eskuragarri zerbitzua, 18:00etatik 20:00etara.
Artoteka erakuslekuak aukera ematen du hainbat diziplinako artelanak erakutsi, maileguan hartu eta artistekin bitartekaritza-jarduerak egiteko. Proiektuaren helburua da artistek jorratzen dituzten gaiak bestelako esparruetara zabaltzea, horiek ikusarazteko asmoz. CBAko IrekiART gunean dago Artoteka, eta jada martxan dago berriro. Ostegunero 18:00etatik 20:00etara irekita egongo da mailegu zerbitzua.
Bi mailegu mota daude, artelanaren balioaren araberakoak. Alde batetik, 300 euro arteko balioa duten obren mailegua dago. Horien mailegua doakoa da. Eta beste aldetik, 300 eta 6.000 euro bitarteko balio duten obren mailegua espazio kolektiboei eta ikastetxeei zuzenduta dago. Horien mailegua martxan jartzeko espazioaren eta eskaria egin dutenen beharretara egokitzeko neurriak hartzen dira. Bi maileguek sei hilabeteko epea dute.
Gaur-gaurkoz, honako artista hauen artelanak daude ikusgai: Belén Cerezo, Estela Miguel, Helena Goñi, Iván Gómez, Izaskun Araluzea, Jenni Alvarado, Juana García-Pozuelo, Maite Pinto, Mawatres, Miguel Cordero, Miren González Goikoetxea, Oihane Sánchez, Ra Asensi, Raisa Álava, Raquel Meyers, Saioa Olmo, Selene Torrado, Tunipanea, Verónica Domingo Alonso eta Yara Blossom.
Artotekan parte hartu nahi duen artistak txosten bat bidali behar du Irungo Udalaren posta elektronikora, gehienez ere hamar artelanen proposamenarekin eta bakoitzaren fitxa teknikoarekin.

