Aduana Zaharra eraikineko beste bi pabiloi birgaitzea onetsi dute
Tokiko Gobernu Batzarraren bidez onartu dute zazpigarren eta zortzigarren pabiloiak konpontzeko obra. Udalak 2024an abiatu zituen konponketak lanak.
Aduana Zaharreko obren gaineko berri eman du udalak.Irungo Udala Irungo Udalak hiru urte daramatza Aduana Zaharra zaharberritzeko prozesuan. 2023an hasi zuen bidea, konponketa lanak ahalbidetzen zituen erabakia onartu eta gero. Hiru urte geroago, gaur, hilak 13, udalak jakinarazi du obrak martxan jarraitzen dutela. Are, gehitu du eraikineko beste bi pabiloi birgaitzeko plana onartu dela, zehazki, zazpigarren eta zortzigarren pabiloilena, Tokiko Gobernu Batzarraren bitartez.
Proiektuak 1,4 milioi euro inguruko aurrekontua du eta bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, aipatutako pabilioietako estalkiak, fatxadak eta egiturak eraberritzea. Eta beste aldetik, eraistea hirugarren eta laugarren pabiloiletan dauden eta konponketa lanak oztopatzen dituzten elementuak, baita azken horietako oinarrizko instalazioak hobetzea ere.
Era berean, leihoak ere berrituko dituzte, eguraldiak barrenekoa kaltetu ez dezan. Obra Vía Irun proiektuaren parte da, hiria eraberritzeko proiekturik handiena.
XIX. mendeko eraikina
Aduana Zaharra eraikina Aduana kaleko 18. zenbakian dago. 1882an eraiki zen eta 1992ra arte hainbat funtzio izan zituen. Ostera, behin itxita, abandonatuta geratu zen.
Behin birgaitze lanak amaituta, eraikinaren zati bat garapen zientifiko eta teknologikoaren egoitza izango da. Zehazki, 1.000 metro koadroko egoitza ahalbidetuko dute Donostian garatzen ari diren BIO proiektuaren luzapena izan dadin.

