Grebaren eragina, gorabeheratsua Bidasoan
HITZAk bildu ahal izan duen informazioaren arabera, greba orokorraren eragina lausoa izaten ari da Hondarribian eta Irunen.
Gaurko greba orokor deialdia gorabeheratsua izaten ari da Bidasoan. HITZAk jaso dituen datuen arabera bai Hondarribiko zein Irungo erdiguneetako komertzio eta establezimendu dezentek zabaldu dituzte ateak. Goizak aurrera egin ahala informazio piketeak izan dira bi herrietako erdigunetik, egunaren izaeraren berri emateko. Industrialdeetan ere grebaren eragina ez da handia izan. Hainbat ikastetxetan ere jarduera izan da.
Goizean goizetik informazio piketeak eta auto-karabanak izan dira Bidasoan. Irungo Gal estadioan hasi da, 06:30ak aldera, handiena. Batez ere industrialdeetatik eta herriguneetatik izan dira informazioa ematen autoan zebiltzanak. Hondarribiko Amuteko eta Irungo Jaitzubia ondoko (Ospitale alboan dagoena) biribilguneetan geldialdiak egin dituzte auto-karabanan zebiltzanek, eta bigarren horretan Ertzaintza agertu da. Auto-karabanen bitartez eskualdeko trafikoa moteldu egin dute grebalariek.
Irunen eta Hondarribian hainbat banketxetan eta higiezinen agentziatan egunari lotutako pintaketak egin dituzte, baita pintura gorria bota ere. Garraio publiko geltokietan informazioa ematen izan dira piketeak.
Bidasoko mobilizazio handia 18:00etan izango da: Hondarribiko Amute auzotik Irungo San Juan plazarako bidea egingo du manifestazioak.
Segidan, Irungo eta Hondarribiko hainbat argazki, eta auto karabanaren bideoa.










