Izua, heriotza, sinesmenak, mozorroak... Hemen da Gau Beltza!
Irunen eta Hondarribian Gau Beltzeko jarduerak izango dira iluntzean. HITZAk astelehenean argitaratuko du gaurko egunak ematen duen materiala.
Egun magikoa da gaurkoa. Magikoa bezain berezia, eta berezia bezain misteriotsua. Gau Beltza da gaur, hilaren azken eguna, 31 baita. Emozio ugari biltzen ditu gaurko egunak, eta denentzat hitzordu politak badira ere, haurrek gozatzen dute bereziki gaurko egunaz. Izua, sustoak, sinesmenak, kondairak edota mozorroak dira gaurko eguneko protagonista, nahiz eta gau partean ikusiko diren gehienak.
Urteen poderioz aldatuz joan dira gaurko eguneko ospakizunak, eta gaur gaurkoz batez ere haurrei begirako ekitaldiak eta jarduerak antolatzen dituzte. Ilunabarrean hasiko dira Oarsoaldeko lau herrietan ekitaldiak, baina goizeko lehen orduetatik dabiltza kalean hara eta hona mozorrotutako herritarrak.
HITZAk bildutako informazioaren arabera, Hondarribian Gau Beltzaren lanketa berezia egin da aurten. Herritarrek eta herriko askotariko eragileek Hondarribiko Udalaren bultzada jaso dute Gau Beltzaren ereduaren berri izan dezaten, eta ospakizun horren esanahia, izaera eta oinarriak ezagutzeko hainbat prestaketa-tailer antolatu dira urrian zehar (beste herrietan ere antzerakoak egin dira). Gainera, larunbateko egitaraua ere elkarlanean antolatu dute, beraz, esan daiteke Hondarribian aurten inoiz baino indartsuago iritsi dela bertako baserrietan ere bizi zen egunaren mezu eta esanahia. Irunen azken urteetan, apurka bada ere, ari dira euskal festarekin bat egiten.
Hedabide honek herrietako eragileen bidez bilduko ditu Gau Beltzaren bueltan larunbatean egingo diren jarduerak, eta astelehenean argitaratuko ditu horiek. Inork bere irudiak HITZAn argitaratzea nahi balu, bidali ditzala herri bakoitzari dagokion helbide elektronikora [hondarribia@hitza.eus, irun@hitza.eus].
Hilaren 31ko Gau Beltzak
- Hondarribia. 16:30ean, Jostaldin, ipuinak; 17:00etan, Muliaten, Izuaren Ibilbidea, mozorro lehiaketa, eta txokolatada; 19:30ean, Baluartetik, Izuaren Ibilbidea; 19:45ean, Gipuzkoa plazan, musika, dantza, gaztaina jatea eta Beldurrak sutara .
- Irun. 20:00etan, Arbesko errotatik, Santiagoko Deabruen desfilea Zabaltza plazaraino.
- Urdanibia auzoa: 12:00etan, tailerrak; 16:30, 17:20, 18:05 eta 19:20an, Gauaren sekretua ikuskizuna haurrentzat; 17:00etan, Saria edo ziria jarduera.
- Erdialdeko auzo elkartea: 18:00etan, Gau beltza ipuina, askaria, eta DJ Iñigo.

