Gerra eta diktadura frankistak eragindako biktimak oroitu dituzte
Memoria historikoa berreskuratzeko panel informatiboaren inaugurazioarekin itxi dute 1936ko gerraren 90. urteurrenaren harira antolatutako zikloa.
Hondarribiko Udalak bat egin du urri honetan 1936ko Gerra sorrarazi zuen estatu kolpea eman zela 90 urte betetzen diren urteurrenarekin. Hamarkada luzez mina, beldurra, isiltasuna eta ahanztura izan dira nagusi, eta udalaren hitzetan denbora tarte horretan guztian aurreko belaunaldiek jasandakoa gogora ekartzeko garaia izan da. Hori horrela, udala sinistuta dago beldur, min eta isiltasun horrekin “hausteko” garaia heldu dela; finean, “duintasuna eta egia” argitara eramateko garaia dela diote.
Udalak, beste behin, “konpromiso politiko eta etikoa” berretsi nahi izan ditu gaurkoan, eta horretarako memoria historikoa berreskuratzeko panel informatiboa inauguratu dute. Urri honetan, udalak urratutako eskubideak aintzat hartzeko, salatzeko eta bidegabekeriak aitortzeko egin du lan, baina baita biktima guztiei eta haien familiei “merezitako lekua, duintasuna eta babesa emateko” ere.
Hilabete osoan zehar zenbait jarduera egin dituzte: hitzaldiak, liburu aurkezpenak edota aitortza ekitaldia, besteak beste, eta gaur, hilaren azken egunean, herriko memoria historikoa berreskuratzeko panel informatiboa agerrarazi dute Kai Zaharrean.
Ahanzturan erori ez dadin
Bidasoa itsasadarrean izan da gaurko hitzordua, eta Ortzi Alonso Kultur zinegotziak esan duenez, ez dute ausaz aukeratu leku hori, pertsona eta belaunaldi askorentzako sentipen eta bizipen handiko txokoa delako, baizik. “Herrian zabaldu nahi duguna da leku hau izan dadila oroimenerako eta hausnarketarako leku bat”, jarraitu du.
Duela bost urte erbesteratuak oroitzeko plaka bat jarri zutela gogorarazi du gero zinegotziak, eta gaurkoa lanketa horren jarraipena dela dio. Ondorioz, “erbesteratuen aipamena jasotzeaz gain, 1936ko biktimak oroitzeko” panela jarri dute.
Aitzol Arroyo zinegotzia ere izan da topaketan, eta hark azaldu du 44 biktima mortal berreskuratu eta balioan jarri dituztela. “Toki hau askorentzat izan zen Hondarribitik ihes egiteko eta sekula ez itzultzeko lekua. 90 urtetan lekua asko aldatu da, baina bada garaia XXI. mendean dena balioan jarri eta toki honek duen garrantzia aitortzeko”.
Duela 90 urte, irailaren 4an eta 5ean batez ere ehunka hondarribiarrek Kai Zaharreko txoko horretatik egin zutela ihes kontatu du gero historialariak, eta batzuk denborarekin itzuli baziren ere, azpimarratu du dozenaka direla Hondarribira itzuli ez zirenak. “Norbaiti bere herri mina kentzea oso krudela da, eta hori isiltasunean dago gordeta”, jarraitu du gero.
“Diktadurarekin, gure aurreko belaunaldiekin eta gerrarekin lotutako zerbait berezia dauka leku honek, eta merezi dituen balioa eta duintasuna eman behar zaizkio”, amaitu du hitzartzea.

