Abotsanitzek audio eta buloetan oinarritutako desinformazio kanpaina bat salatu du
Kanpaina horren oinarrian adimen artifiziala dagoela salatu dute, eta gehitu "mezu horiek gizarte alarma baten antzeko zerbait" sortu nahi izan dutela.
Abotsanitzek ohar bidez berretsi du asteon Hondarribian aparkalekuarekin dagoen arazoa ez dela berria, eta gehitu herritar orok egunerokotasunean pairatzen duten zerbait dela; hots, diote uda garaian egoera okertu egiten dela. “Jakitun gara auzo batzuetan amets gaizto bihurtzen dela bertan aparkatu nahi izatea garai puntualetan. Horrexegatik, eta aurreko udal gobernuaren lanak jarraituaz, erabaki genuen aparkalekuaren problematikarekin jarraitzea, ausardiaz, zehaztasun teknikoaz eta parte hartzeaz lagunduta”.
Bide horretan, nabarmendu dute udalak hilabeteak daramatzala Amute, Portua, Alde Zaharra, Akartegi eta Soroetako bizilagunekin proposamen horretan lanean, helburua “Hondarribian bizi garenok aparkatzeko lehentasuna izatea eta gaur egun dagoen saturazioari aurre egitea delarik”. Alabaina, Abotsanitzek dio “intoxikazio kanpaina” horrek herritar jakin batzuengan sortu dituzten zalantzen eta kezken aurrean asteazkenean burutu zen udalbatzatik proposamena erretiratzea erabaki zela “beste behin auzoetan informazio saio bira bat burutzeko, ordenantza baten ohiko prozeduratik ateraz eta Hondarribiko aparkalekua arautuko duen tresnari parte hartze eta aniztasun handiagoa emanaz”.
Horretaz gain, Abotsanitzek “herritarren mugikorrak bete dituzten audio eta buloetan oinarritutako desinformazio kanpaina bat” salatu du, “gehiena adimen artifiziala baliatuz egin dena”. Diotenez, anonimotasunean babestuz, mezu horiek “gizarte alarma baten antzeko zerbait” sortu nahi izan dute Aparkalekuen ordenantza berriaren proposamenaren inguruan: “Ez da gertatzen den lehen aldia, eta badakigu ez dela azkena izango. Baina bulo eta gezurren aurrean, zuhurtzia, informazioa eta zehaztasuna”, gehitu dute.
“Arazo historikoen aurrean, konponbide ausartak”
Abotsanitzek zenbait argibide eman nahi izan ditu, eta besteak beste, nabarmendu dute ez dutela inolako presarik ordenantza onartzeko. “Gure lehentasuna ez da eztabaida politiko bat irabaztea, bertan aparkatzeko dauden arazoei erantzun bat ematea baizik”.
Bestalde, gehitu dute “gezur hutsa” dela herritar guztiei bereizkeriarik gabe tarifak ordaintzera behartuko zaiela edota bertakoak kanporatuak izango direla. Gainera, jomugan jarri dute kotxea hamar egunetik behin mugitzeko araua 2022ko apirilean indarrean sartu zela aurreko gobernu jeltzalearekin, eta “norbaitek, orain, asmo txarrez, giroa nahasi nahi duela ezinegona eta anabasa sortzeko asmotan”.
Aipatutakoaz gain, oposizioaren “koherentzia eza” ere aipatu dute oharrean, deigarria egin baitzaie EAJren jarrera: “Urriaren 22ko Hirigintza Batzordean, proposamena ahalbidetu ostean, udalbatzan proposamena erretiratzea eskatu zuten handik egun gutxietara, gure ustetan, udal gobernua higatzeko helburu bakarrarekin”. Hartara: “Hondarribiak politika arduratsu bat merezi du, elektoralismorik gabea. Hori dela eta, beste behin, EAJri eskatzen diogu maila politikoa eman dezala eta interes kolektiboa jar dezala alderdiaren edota interes pertsonalen gainetik”.
Azkenik, herritarrei gogorarazi nahi izan die saio informatiboak burutzen dituztenean udalbatzara eramango den onarpena ez dela behin betikoa izango, eta ez dela indarrean berehala sartuko. Izan ere, diote dokumentua jendaurrean jarri eta proposamen edota alegazioak aurkezteko epea irekiko duen urrats formala dela, edozein hondarribiarrek ordenantza hobetzeko asmoarekin, ekarpenak egin ahal izango dituelarik. Hala ere, argitu dute behin hori eginda ere zenbait urrats faltako direla behin betiko onarpena eman aurretik.
“Hondarribiak, ditugun arazo historikoen aurrean, konponbide ausartak behar ditu”, amaitu dute.

