Enparanek berretsi du hondartzako kirol-instalazioak berritzeko obrak martxan direla
Udala prozesuan da Espainiako Estatuarenak diren hondartzako lurren gaineko jabetza lortzeko. Bitartean, Eusko Jaurlaritzaren lagapena lortu du, eta lau eremuren konponketa lanak abian dira: skate parkearena, kiroldegiko ur-eremuena, futbol zelaiarena eta pump track pistarena.
Harrabotsa eragin du azken egunetan hondartzako lurren gaineko jabetzaren inguruko eztabaidak. Lurrak Espainiako Estatuarenak direnez, emakida lortu ezean, udalak ezin du inbertsiorik egin bertan, eta horregatik Eusko Jaurlaritzarekin jarri zen harremanetan. Akordioa lortzeko bidean zela Abotsanitzek EAJri leporatu zion behar baino lehenago zabaldu zutela mezua, eta EAJk hurrengo egunetan erantzun zuen udalaren eskuetan zegoela baloia. Bada, tentsio hori guztia argitzeko asmotan, Hondarribiko Udalak gaur goizean, hilak 30 ostirala, prentsaurrekoa egin du, eta zera jakinarazi du: Estatuaren jabetzan dauden bitartean, udalak ezin du esku hartu obrak egiteko, baina Jaurlaritzarekin egindako hitzarmenaren bidez abian dira lau kirol-instalazio berritzeko proiektuak.
Igor Enparan alkatearen arabera, udalak urteak daramatza lurrak Estatuarenak izateari uzteko lanean, baina prozesua “luzea” izaten ari da, eta “ezinezkoa” da legealdi batean lortzea. “Garai batean mendi labarra zegoenean, hau hondartza zen eta itsasoari babesteko lurrak bezala izendatuta daude. Ondorioz, Estatuaren kudeaketako lurrak dira”, azaldu du. Dioenez, bere garaian hainbat eremuren lagapena egin zitzaion udalari, adibidez, Hondartza futbol zelaiarena eta kiroldegiarena, baina lagapen horiek azken urteetan iraungi dira. Lagapena amaituta, udalak ezin ditu inbertsioak egin instalazioetan horiek berritzeko eta baimenak eskatu behar ditu hori egiteko.
Udalak duela hiru urte abiatua zuen prozesua lurren gaineko behin betiko jabetza lortzeko. Hiru pausotan oinarritzen da prozesua: lehenik, Estatuak lurrak beharrezkoak ez direla adieraztea; bigarrenik, lurrak erabilera publikokoak izatetik beste helburu batzuetarako bideratzea; eta hirugarrenik, emakida, hau da, Estatuak lurrak ematea udalari. Lehen urratsa egina dago, baina beste biak falta dira. “Hiru urteren ostean egin dugu lehen urratsa, orain bigarrenean gaude. Ogasunak jakinarazi digu prozesuaren berri duela eta horretan dabiltza teknikariak”.
Bigarren bide batetik iritsiko dira inbertsioak
Ebazpen hori iristeko “prozesu luzea” izango dela aurreikusita, udalak bigarren bide bat ireki du, alkateak azaldu duenez, badirelako eremu batzuk, zeinetan obrak egin behar diren herritarren segurtasuna bermatzeko. “Eusko Jaurlaritzari lagapen berria eskatu diogu. Ez dago bukatuta, baina bide onean doa”, ziurtatu du. Jaurlaritzaren lagapena berritzeari esker, lau baimena lortu dituzte lau eremutan inbertitzeko.
Berrituko duten lehena skate parkea izango da. “Zaharkituta dago eta hainbat zulo ditu, arriskutsua bihurtzen dutenak”. Hartu beharreko erabakiak hartuta, esleituta dago hori berritzeko lana, ia 500.000 euroko inbertsiokoa, eta urtea amaitu aurretik hasiko da.
Bigarrenik, kiroldegiko ur eremuak berrituko dituzte, besteak beste, spa eta sauna. 1.300.000 euroko aurrekontuarekin egingo dute. Hirugarrenik, futbol zelaiko belarra aldatuko dute, zeinak denbora daraman horren esperoan. Horrek 1.220.000 euroko balioa izango du. Bai futbol zelaia bai ur eremuak kontratazio prozesuan daude eta alkateak aurreikusi du laster lortuko dutela.
Laugarrenik, eta amaitzeko, kiroldegiaren alboan dagoen pump track eremua konponduko dute. “Oso egoera txarrean dago eta aspalditik arriskutsu bezala dago atzemanda”, esan du Enparanek. Horren konponketak 360.000 euroko inbertsioa suposatuko duela aurreratu du. Laugarren proiektuaren lizitazioa datorren urtean abiatuko da.
Jaurlaritzarekin lortutako hitzarmena datorren 25 urtera begirakoa da. “Jaurlaritzaren lagapena amaitu aurretik iritsiko balitz Estatuaren emakida, bertan behera geratuko litzateke Jaurlaritzarena. Baina, oraingoz, segurtasun juridikoa ematen digu datozen urteetan egin beharreko lanak egiteko”, berretsi du alkateak.

