Dena prest Amua jaialdirako
Azaroaren 12tik 15era egingo dute aurten musika film laburren jaialdia, Itsas Etxean. The Molotvs eta El Combo Batanga taldeen kontzertuak izango dira.
Amaitu da jada Hondarribiko arrantza kanpaina, baina musikaren eta kulturaren kanpainak oraindik emango du zeresana. Hala aurkeztu du Ortzi Alonso Kultur zinegotziak gaur goizean, hilak 30, Amua musika film laburren jaialdiaren VI. edizioa. Datorren azaroaren 12tik 15era egingo dute, aurten estreinakoz egun bat gehiago iraungo du. Itsas Etxea adin guztietara bideratutako musika ekintzen eszenatoki bilakatuko da.
Jaialdia irabazi-asmorik gabeko Amua kultura elkarteak antolatzen du, besteren artean udalaren eta EITBren laguntzarekin. Urtez urte hamaika musika ekintza eta kontzertu antolatzen dituzte herritarrei “ezohiko planak” eskaintzeko helburuarekin.
Aurtengoa seigarren edizioa eta Ernesto Toledo antolatzaileetako bat eskertuta agertu da Hondarribiko Udalari, urtero erakutsitako babesagatik. “Badirudi ezetz, baina urtero apostua berritu behar da eta batzuetan ez da erraza. Aurten, beste behin, poz-pozik gaude jaialdia aurrera atera ahal izanagatik”.
Udalak bueltan eskertu die jaialdiko antolatzaileei, “elkarteari ematen dioten nortasunagatik eta jartzen duten pasioagatik”. Horrela esan du Alonsok: “Ez da lan erraza guztia ondo lotzea eta urtez urte jaialdi erakargarri bat antolatzeak badauka halako entrega bikoitz bat”.
Musika ikusi, entzun eta bizitzeko
“Programa aberatsa” ondu dute aurtengo ediziorako, kultura zinegotziaren hitzetan. Musikari buruzko film laburrei dagokionez, Musika Laburmetraien Sail Ofizialean 11 film eskainiko dira. Batetik Ikuslearen Saria izango da, ikusleek bozkatuko dutena. Eta bestetik, Epaimahaiaren Saria, Elene Arandia kultura kazetariak, Aitor Arregi zinema zuzendariak eta Lur Olaizola zinemagileak eta programatzaileak emango dutena. “Leku guztietako filmak jaso ditugu, baina aitortu behar dugu Euskal Herritik ohi baino gutxiago jaso ditugula. Hemendik jaialdian parte hartzera gonbidatu nahi ditut sortzaile euskaldunak”, onartu du Toledok.
Halaber, AMUA EITB Bideoklip Lehiaketa 2026 saileko sei bideoklip finalistak emango dituzte. Antolatzailearen arabera, Euskal Herriko euskarazko bideoklipen lehiaketa bakarra da.
Musika alboratuta, baina filmen munduan jarraituta, EPIC: Elvis Presley in Concert abeslari estatubatuarraren dokumentala emango dute. “Asko kostatu zaigu ekartzea, baina zentzuzkoa ikusten genuen, Presley-eri buruz egindako edizioak arrakasta handia izan baitzuen”.
Musika ikusi besterik ez, bizi ere posible izango da, eta bizitzeko, ulertu. Jada tradizio bilakatu den Joseina Etxeberria musika kazetariaren eskutik MUSIKEROA saioa izango da. Etxeberriaren albotik igarotakoak dira Gorka Urbizu eta Izaro artistak, haien ibilbide musikalaren errepasoa egiteko. Aurten Aiora Renteria abeslaria izango da gonbidatua.
Beste urte batez Radio 3 irrati katearekin kolaboratu du elkarteak. Irratiarekin batera, The Molotvs 18 urteko anai-arreba britainiarren bikotea arituko da kontzertua ematen. “Asko kostatu zaigu hona ekartzea. Ez dute kontzerturik emango ez Iberiar Penintsulan, ezta Frantzian ere, hemen bakarrik”.
Musika taldeak aipatuta, El Combo Batanga saltsa eta merenge musika talde kubatarra nabarmendu du Toledok. “Egun entzuten diren musika generoen oinarria edo jatorria aldarrikatzeko modua da. Kubatar talde errefuxiatua da, orain bost urte sortu ziren eta Europako salsa-merenge talderik onena kontsideratzen dira”.
Etxeko txikienak ere protagonista
Askotariko jarduerak antolatu dituzte, baina beti oinarrian izan da “ahalik eta publiko handiena erakartzea”. Horregatik, etxeko txikienengan pentsatuta, film laburrak gertutik ezagutzeko saioa egingo dute, nola ekoitzi diren, baina baita nola bozkatzen diren barrutik bizi dezaten
Jarraian, egitaraua osorik. Sarrerak datorren azaroaren 2an jarriko dira eskuragarri, haien webgunean.
Jaialdiaren egitaraua
Azaroak 12, osteguna:
- 19:00-20:00: Film Laburren I. Saio Ofiziala
- 20:00: The Moltovs taldearen kontzertua
Azaroak 13, ostirala:
- 10:00: Eskola-saioa: film laburren aukeraketa (Hondarribiko ikastetxeak)
- 19:00-20:00: Film Laburren II. Saio Ofiziala + AMUA EITB bideoklip lehiaketa
- 22:00: El Combo Batanga taldearen kontzertua
Azaroak 14, larunbata:
- 19:00: Hondarribiko Hiria Musika Banda: Soinu banda onenak+ Sari banaketa
- 22:00: EPIC: Elvis Presley in Concert dokumentalaren emanaldia
Azaroak 15, igandea:
- 18:00: MUSIKEROA: Aiora Renteria

