Kirolak hartuko du Kolon Pasealekua igandean
'Kirola Par(t)ekatuz igande sasoi' egitasmoaren laugarren edizioa egingo dute hilaren 18an. Helburua emakumeen kirola sustatzea da.
Kirola Par(t)ekatuz – Igande sasoi egitasmoa egingo dute laugarrenez igandean (hilak 18), Colon ibilbidean. Jarduera horrekin Irungo etorbide nagusia aire zabaleko kirolez gozatzeko espazio bilakatuko da. Diotenez, gainera, hitzorduaren helburu nagusia emakumeengan kirola sustatzea izango da.
Sandra Caballero, kirol ordezkaria: “Kirola funtsezko jarduera da pertsonen eguneroko bizitzan. Jarduera honek hobeto sentiarazten eta osasuntsu mantentzen gaitu”.
Topaketa 10:30ean hasiko da, eta parte hartzaileek askotariko kirolak egiteko aukera izango dute: eskubaloia, atletismoa, gimnasia artistikoa, saskibaloia, arrauna, errugbia…
Kirol ginkana ere bai
Egun horretan hogei klubek hartuko dute parte: Bidasoa Eskubaloia, Mariño Real Unión, Irunes Txirrindularitza Taldea, Aia Gimnasia Artistikoa, Santiagotarrak, Txingudi Rugby Taldea, Erroibide, Bidasoa Atletiko Taldea, Skate Surf Surf Teknika, Suge Trebeak Boleibol Taldea, Xake Bidasoa, I-Run 50/50 (Txingudiko Elkarte Feminista), Lur Alai Squash Taldea, Lotzen Parkour Taldea, Txiribuelta Eskalada, Atxiki Esku Pilota, Leka Enea Mahai Tenisa, Jaizubia Hípica, Miren Gómez Dantza Estudioa eta Irungo Mendizaleak.
Aurreko edizioak izan zuen arrakasta ikusita, aurtengoan ere kirol ginkana bat antolatu dute, eta bertan parte hartzen dutenek kartilla bat jasoko dute, parte hartzen duten kirol bakoitzeko zigilu bat lortu dezaten –13:00etan hiriko kirol kluben materialaren zozketa egingo dute kartilla betetzen dutenen artean–.
Horretaz gain, jakinarazi dute Antxeta Irratiak zuzeneko programa bat egingo dutela emakumeen kirolari ahotsa emateko asmoz. Ildo horretatik jarraituz, antolatzaileek nabarmendu dute Parean Elkarteak gidaliburu bat argitaratu duela, eta bertan hiriko kirol taldeen emakumeen eskaintza biltzen dela. Liburuxka horretan 33 kirol kluben inguruko informazioa biltzen da.
Egitaraua
- 11:00. 5 kilometroko lasterketa, Txingudiko Elkarte Feministaren I-Run 50/50 taldeak antolatuta. Zabaltza Plazan hasiko eta amaituko da. Edozein emakumek parte hartu ahalko du, aldez aurretik izena eman behar gabe. Nahikoa izango da irteera-marran bertaratzea.
- 11:30. Adinekoentzat gimnasia saioa, Miren Gómez dantzariaren eskutik.
- 12:00. Gimnasia artistikoko eta parkour-eko erakustaldiak eta tailerrak, Aia Gimnasia Artistikoa eta Lotzen Parkour taldeen eskutik.
- 12:30. Barre Fit saioa, adin guztietako pertsonentzat, Miren Gómez dantzariaren eskutik.
- 13:00. Sari-banaketa kirol-ginkanan parte hartu duten pertsonen artean.

